Abenduan esleituko dituzte Berako Kaxerna auzoan eraikitzen ari diren etxebizitzak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 11a, 15:00

Beran bi urte baino gehiago erroldatuta daudenek lehentasun osoa izanen dute esleipenetan

Bukatzear dituzte Nasuvinsa Kaxernan egiten ari den babes ofizialeko etxebizitzak, eta abenduko deialdian esleituko dituzte (eskatzaileak erroldan erregistratu beharko dira azaroaren 30a baino lehen). Dagozkion administrazio-prozesuen ondotik, giltzak otsailaren amaierarako edo martxorako entregatuko dira.

8 etxebizitza dira, hiru logelako bortz eta bi logelako hiru, sukaldea, egongela eta bi bainugelekin eta sotoan 8 garaje-plaza eta 8 trasteleku daude. Etxebizitzek isolamendua dute Passivhauss ziurtagiriaren arabera, eta ez dute galdararik behar berokuntzarako, bero-trukagailuen bidez berotzen baitira, ia batere kontsumorik gabe. Urrutiko kontrol-zentro batek kontrolatzen du sistema osoa, eta teknikarien eta gizarte-laguntzako langileen zuzeneko jarraipena egiten da. Sukaldeek oinarrizko ekipamendua dute, armairuak, granitozko sukalde-gainekoa, indukzio-plaka eta ke-erauzgailua, garbigailurik edo hozkailurik gabe, azken hauek esleipendunaren kontura izanen baitira.

Lehentasuna Beran bi urtez erroldatutakoek izanen dute

Etxebizitza denak esleituko dira, eta lehentasun osoa izanen dute bi urte baino gehiago Beran erroldatutako eskatzaileek. Bi logelako hiru etxebizitzak, 35 urtetik beherakoentzat gordeko dira. Gainerakoak, aldiz, sustapenaren baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztien artean esleituko dituzte, baremoaren arabera. Legez etxebizitzen erdia errenta baxuen tartearen eskatzaileentzat gordetzen da. Erreserba-kupoan esleitu gabeko etxebizitzak geldituz gero, aldiz, kupo orokorrean esleituko dituzte. 

Alokairu-kontratuaren iraupenari dagokionez, errentamendu-legeak 7 urteko errentamendua ezartzen du, etxebizitza berrikusi ondotik luzagarria dena. Zazpi urte horien ondotik erroldan sartzeko ezarritako gehieneko errenta gainditzen bada, kontratua ez da berrituko.

Prezioak 420 eta 523 euro bitartekoak dira, dirulaguntzarik gabe eta urtero eguneratuko dituzte KPIaren arabera. Errenta baxuen tarteko esleipendunek prezioaren % 26tik % 75era bitarteko laguntza izanen dute. 

Izena emateko deia

Urriaren 7ra arte, 47 eskatzaile zenbatu dituzte; horietatik 24 Beran erroldatutakoak, eta 21, bi urteko antzinatasunarekin. Udalak alokairuko aukera egiten duten beratar guztiei izena emateko deia egin die, Beran erroldatua izateak lehentasuna emanen baitu prozesuan. Gainera, eskatzaileen datuaz baliatuko dira hurrengo urteetan alokairurako etxebizitzen promozio berriak negoziatzeko Nasuvinsarekin.

Izena ematea Doneztebeko Nasuvinsa bulegoetan, aurretiko hitzordua eskatuz (Tel 848 420 140), edo Internet bidez egin daiteke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun