Bukatu dute Berako Kondendiagako bentako auzolana

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 10a, 17:00

Udaberrian hasi eta urriaren 8an bukatu zuten Sara eta Bera artean dagoen Kondendiagako benta konpontzeko auzolana. Bizkar besta egin zuten egun horretan, eta horrela bukatutzat eman zituzten sei hilabeteko lanak. 

Lanak bukatuta, benta bi eremutan banatuta gelditu da: erabilera anitzeko gela bat du alde batean, eta mendizaleek lo egiteko literak bertzean. Sarreran idorpe bat ere badu, eta urez ere hornitu dute. Ura kanpoan zein barrenean hartzeko modua dago. 

Benta hau mendizaleentzat moldatu dute, Pirinioak zeharkatzen dituen GR-10 bidea pasatzen baita hortik. Mendizaleek babesgune bat izan dezaten, sarrerako idorpea eta eta lo egiteko literen gela irekita egonen dira une oro. Erabilera anitzeko gela, aldiz, itxita egonen da eta erabili nahi duenak eskaria egin beharko du udalean. 

Udalak benta berritzen ibili diren herritar guztien lana eskertu nahi izan du, ondarea berreskuratzeko modu egokia izateaz gain, herritarren arteko kohesioa sustatzen duelako.

Udalaren hitzetan, auzolanean egindako lanek balore erantsia hartzen dute, eta zaindu ere hobeki egiten dira. Horretan egin dute azpimarra proiektuaren parte hartu duten herritarrek ere: moldatu duten benta denen artean zaindu beharko dela. Horretarako, segimendu berezia eginen dute, bai udalaren aldetik, eta baita auzolana egin duten herritarren partetik ere. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun