Berako etxeen izenak ezagutarazteko plakak paratuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 7a, 11:00

Altzairuzko plakak izanen dira, eta udalak hartuko du bere gain kostua.

Pello Irazoki beratarrak, Berako Udalarekin eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin elkarlanean, Berako etxeen izendegia osatu du. Orain, izendegi hori karrikara eramatea da asmoa, eta horretarako, etxetako jabeek hala nahi izanez gero, etxearen izenarekin eta eraiki zen urtearekin plaka bat jartzeko aukera paratu du martxan udalak. Altzairuzko plaka izanen da, eta kostua udalak hartuko du bere gain. 

Illekueta auzoan paratu zituzten lehenengo plakak eta orain Zalain auzora zabaldu nahi du udalak ekimena. Zalainen egin ondotik, asmoa, herriko bertze auzoetara zabaltzea da. 

Etxeen izenari dagokionez, Pello Irazokik egindako artxibo lanean oinarritu dira, eta Andres Iñigo euskaltzainak emandako gomendioak hartu dituzte kontuan. 

Proiektuaren helburua etxe izenen garrantzia berreskuratzea da. Erdi Arotik hasita, modu ofizialean erregistratuak ageri dira etxe izenak eta nortasun berezia izan dute euskal gizartean. Gaur egun, ordea, herritarrik gazteenak ez dituzte etxe izenak ezagutzen eta erabiltzen, eta hori sustatu nahi dute proiektuaren bidez.

Proiektuaren sustatzaileen hitzetan ukaezina da euskal gizarteak etxearekiko izan duen eta duen lotura, sentimendua, errespetua, maitasuna eta oroitzapena. Izan ere, batzuetan etxeak eman izan dio deitura familiari eta, bertze aunitzetan, jabearen erreferentzia (izena, deitura, lanbidea, jatorria, izengoitia…) hartu izan du izentzat etxeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun