Benantzi Bilbaoren organo kontzertua izanen dute Etxalarren urriaren 8an

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 6a, 08:00
Benantzi Bilbaok joko du Etxalarko elizako Eleizgaray organoa.

Pello Apezetxeari omenaldia egiteko aprobetxatuko da larunbatean 19:00etan Andre Mari elizan hasiko den kontzertua

Nafarroako organoen 38. Musika zikloaren barrenean, Benantzi Bilbaok organo kontzertua emanen du urriaren 8an, larunbatean 19:00etan Andre Mari elizan. Kontzertua ematerakoan bi musikarien lanak eskainiko ditu, Eduardo Torres Sevillako konpositorearenak eta Pello Apezetxea, duela gutti zendutako herriko apaiza, etnologo, etnógrafo, Ttipi-Ttapa Fundazioko presidente eta Euskaltzaindiako kide zenarenak.

Benantzi Bilbaok joko du aurten Organorako Musika Nafarroan, eta kulturaren bi figura handitan jarriko du arreta: alde batetik, Eduardo Torres, konpositorea, Sevillako katedraleko kapera maisua eta bere garaiko musika irakaskuntzaren eta jardueraren bultzatzailea maila handiko beste figura batzuekin: Manuel de Falla, Ernesto Halfter eta abar. Bertzalde, hurbilagoko figura bat, bertzea bezain interesgarria eta aberatsa: Pello Apezetxea, Etxalarko parrokoa hainbat hamarkadatan, etnologoa, etnografoa, Ttipi-Ttapa Fundazioko presidente eta Euskaltzaindiko ohorezko kidea, duela gutti hil dena. Bi pertsonaiek lotura estua dute organoarekin. Torres, bere musikaren lerro estetikoaren bidez, Etxalarko eta beste leku batzuetako musika instrumentuaren soinu kalitatea eta edertasuna bikain nabarmentzen dituena. Apezetxeak sentsibilitatea erakutsi zuen tresna hori zaintzeko, eta senez ulertu zuen organoaren ondare ondasunak beti irekita egon behar duela hura hartzen duen herrialdeko kulturari, hain zuzen ere kultura hori aberasten duelako.

Bilbaok joko dituen lanak hagitz musika pieza egokiak dira Etxalarko elizako Eleizgaray organorako, eta Pio X.aren Motu Proprio agiriaren jarraibideen arabera konposatu zituzten egileenak dira. Izan ere, aita santu horrek hagitz ongi tratatu zuen erlijio musika, eta horretan hoberenetakoa da Elizaren historian. Nabarmentzekoa da programa osatzen duten egile guztiak 1902an fabrikatutako Etxalarko organoaren garaikideak direla. 

 

PROGRAMA

TITANEN DUOA
Omenaldia bi gizon handiri: Pello Apezetxea, Eduardo Torres
  • Luis Iruarrizaga (1891 - 1928) Quare tristis est anima mea
  • Aita Hilario Lizarrakoa (1894 - 1973) Missa pro defunctis (Introito, Kyrie, Agnus Dei, Lux Aeterna), Saetak (I, II, III, IV), Zatoz, ene Jesus eta Esker oneko otoitza.
  • Eduardo Torres (1872 - 1934) Elegiazko abestia
  • Luis Iruarrizaga Laetatus sum (A ze poza!) 
  • Eduardo Torres Berceuse
  • Luis Urteaga (1882 - 1960) Agur Maria 
  • Victor Zubizarreta (1899 - 1970) Aleluia 
  • Luis Urteaga Amaiera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun