XIXO AIESTARAN

«Lesakan hazitako lehen ahuakateak 2024an saltzea espero dut»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 8a, 08:00

Oraingoz, Gardelsoro inguruko bi hektareatan landatu ditu ahuakateak Xixo Aiestaran lesakarrak.

Xixo AIESTARAN ANDUEZA, Lesakako Gardelsoro baserrikoa

Nafarroan ahuakatea ekoizten duen lehena izan nahi du Xixo Aiestaran lesakarrak, ekologikoan landutakoa gainera. «Posible dela uste dut eta, gainera, kalitate onekoa izanen da» dio

Nafarroako ekoizpen ekologikoak hazten segitzen du. Nafarroako Nekazarien Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak gaur egun 800 operadore ditu. Guztira, 2022ko urtarriletik uztailera 108 alta berri eman dituzte: 91 landare-ekoizle, 9 abeltzain, 4 elaboratzaile eta 4 banatzaile. Konparaziora, Lesakan ahuakateak ekoizteko alta bat izan dute. Hain zuzen, Jose Ignacio Xixo Aiestaran Anduezak (Lesaka, 1970) Auzoberri auzoko Gardelsoro baserriko bi hektareatan dagoeneko 700 bat ahuakate arbol landatuak ditu eta, zuzen bidean, 2024rako espero du lehen uzta. 

Gardelsoroko ataritik parez pare ikusten da Kantauri itsasoa, «zuzen-zuzenean bederatzi kilometrora, eta horrek, nahitaez, tenperatura goxatzen du, bai neguan, baita udan ere». Eta Xixo Aiestaranek dioenez, «ahuakatearen areriorik handiena izotza denez, hori ona da». Halere, itsas mailatik 400 metroko altueran dago baserria. Orain, bere lantegiarekin bateratzen badu ere, «nire ametsa 55 bat urterekin ahuakatearen ekoizpenetik bizitzea da, baserri inguruko lasaitasunean bizitzea osasuna baita».

Ez zara baserrian hazia, baina beti gustatu zaizu baserria… Zergatik ahuakatea?

Ahuakatea modan dagoen fruitua da, ez dakit gero zer eginen duen. Nik uste nuen ahuakatea ekoiztea erraza izanen zela, baina lan handia du. 2016an erosi genuen baserria, lur eremua badut eta hori ikusiz proba egin nahi nuen. Egia da landare tropikala dela, hemen exotikoa, baina Asturiasen eta Bizkaiko Alonsotegi topatu nituen plantazioak, gure inguruko gisako klima dutenak eta ongi funtzionatzen ari direnak. Neguak inguru honetan gero eta xuabeagoak dira eta izotza da ahuakateari kalterik handiena egiten diona. Aurtengo negua dezente gogorra izan da eta oraindik ttikiak ziren landareak salbatu dira, zerbait ateratzeko esperantza badugu. 

Beraz, tropikoan edo klima beroagoko tokietan ez ezik, Kantauri aldera begira ere bada ahuakatea produzitzeko aukerarik…

Asturiasen baino lehen Galizian ere baziren, baina han mikroklima ugari dituztenez, ez nien sobera kasurik egin. Internet bidez ikusi nuen Asturiasen bazirela pare bat plantazio eta joan ginen Ribadesella ondoko herri batera ikustera, gure klima, tenperatura eta euri ezaugarri berdintsukoak. ETBko Historias a bocados programan Alonsotegin ere bazela ikusi genuen eta harat ere joan ginen ikustera eta ikastera. Bi urteko zuhaitz ederrak zituzten, sagarrondoak bezainbertzeko zurtoinekin. Eta animatu ginen.

Animatu ez ezik lanean hasiak zarete, gogor eta ilusioz…

2020an Malagako hornitzaile bati 800 landare erosi eta horietako 330 landare sartu genituen iazko abuztuan, hass barietatekoak, hau da komertzialena. Horietatik 220 batek bizirik segitzen dute. Hori kopuru normala da. Aurten, bertze 330 bat landatu ditugu, hauek Lamhass barietatekoak, Kaliforniakoa. Erraten dute honen arbolak bizi laburragoa duela baina gehiago produzitzen duela. Gainera, ahuakatea ez da garai berean biltzen: hass barietatekoak bildu eta handik bi hilabetera hasten da lamhass barietatekoak biltzen. Prezio berdintsua izaten dute. Baina % 10 polinizitzailea izan behar denez, Bacon barietatekoak ere sartu ditugu. Hauek ere fruta goxoa ematen dute, baina azal leuna dute eta merkexeago saltzen dira, kontsumitzaileak azal zimurreko ahuakatea ikustera ohituak daudelako eta hori erosten dutelako. Aurten landatutakoek ongi errotzen badute, heldu den urtean bertze 120 bat landatzea ez dut baztertzen, lekua badut. Heldu den urtean loratuko dira eta 2024an lehen ahuakateak komertzializatzea espero dut. Eta, hemengo lurrarekin eta urarekin, ateratzen bada kalitate onekoa aterako da.

Gainera, ekoizle ekologiko bezala eman duzu alta… 

Horrek produkzioa zertxobait garestixeago saltzeko aukera ematen duela egia da, baina ekoizteko zailagoa ere bada. Ongarriek ekologikoak izan behar dute, baita produktu fitosanitarioek eta pozoinek ere. Erraterako, lursaguak kalte handia egiten du, lur azpitik landare batetik bertzera joaten da eta sustrai guztiak jaten ditu. Atera izan dugu zuhaitzaren enborra inolako sustrairik gabe. Hauentzat arteak ere paratu ditut. Hormak eta ura pilatzeak ere eragiten ditu kalteak, zaina usteltzen zaio eta horregatik, drenatze ona behar du. Maldan dauden landareekin ez da arazorik, ura joaten delako, baina zelaian daudenei, golde moduko lau-hortzeko batekin lantzen dugu lurra, ura ez dadin gelditu.

Xixo Aiestaran lesakarra, ahuakate bat erakusten Auzoberri auzoko Gardelsoro baserrian.

Tenperatura goxoaz gain, ur aunitz behar duen landarea ere bada ahuakatea…

Hegoaldeko hornitzaileek behin eta berriz aipatzen digute ahuakatearen etorkizuna Kantauri itsasaldean dagoela, euri aunitz egiten duelako. Ahuakatea kontsumitzeari utzi behar diotela erraten ari dira sukaldari ezagunak, Mexikon idorte handia sortzen dutelako, Andaluzia aldean ere badute arazo hori, baina, gure inguru honetan ez dugu horrelakorik. % 90 euri urarekin bustitzen ahal dugu. Aurten izan dugun uda izanda, lau aldiz bertzerik ez dugu busti behar izan eta abuztuaren 17ko gauean bota zuen euriarekin hilabete osorako izan genuen. Halere, nire intentzioa ur-biltegi handi bat eraikitzea da, neguan ura pilatu eta urtean zehar, behar denean, erabiltzeko. Ura badugu eta izotza lehen baino guttiago egiten du, baina nekazaritzan deus ez da segurua eta egun bateko horma haundi batek urte osoko lana honda dezake. Halere, kontent gaude, pasatu dugun urtearekin, berandu landatu genituen joan, den urteko abuztuan, segidan hogei egunez 700 litro ur hartu zuten Lesakako ferien inguru horretan, apirilean horma eta elurra, uda hagitz-hagitz beroa eta idorra, 41 gradoko egunak eta 300 plantatik 220 bizirik daude. Ez da portzentaje txarra. Txarrena ikusi eta salbatu dira eta lehenbiziko urtea da okerrena. Negu xuabe bat egiten badu, azken urteetakoaren antzekoa, landareek aitzinera eginen dute.

«Neguak orain epelagoak dira eta nahiko ura badugu hemen»

Edozein landare ere ezin izanen da sartu. Kalitateari ere begiratu behar zaio?

Ahuakate klase pila bat dago, eta ongi begiratu behar da, bai. Negutegi batetik 23 landare ekarri nituen, bakoitza 30 eurotan, eta berehala kixkali ziren, hiru gelditu ziren bizirik. Gero, gauza bat da landarearen gaineko aldea, hass, bacon edo dena delako barietatekoa, baina garrantzitsuena patroia da, zein hezurretatik ateratakoa den. Badira Mexikoko bi patroi, zero azpitik lau grado ere aguantatzen dutenak, Zutano eta Mexikola izenekoak. Gainera, hormaren kontrako sare moduko bat ere paratzen ahal zaie landareei, berotasuna ematen du eta tenperatura 3 grado goxatzen dituena, -4 grado badira, -1era igotzen du. Neguan goikoa hondatuta ere, kondotsa ongi baldin badago, ez da arazorik. Baina gero, loratzen denerako ongarri bat eman behar zaio, fruitua sendotzeko bertze bat, landare ingurua garbitu behar da, belarrak kendu… lan handia du. Eta gero, etor daiteke urtetan egin ez duen negua, zero azpitik hamar grado, eta zuhaitz guziak erreko ditu. Edo kazkabarrak edo haizeak ere honda dezake landarea. Denbora guztia mugikorrari begira egon behar dugu, zer eguraldi heldu den begira.

«Produktu ekologikoa hagitz estimatua da Frantzian»

Oraindik ia bi urte beharko dira, zuzen bidean, Gardelsoron hazitako lehen ahuakateak saltzeko. Nola komertzializatzeko asmoa duzu? 

Ahuakate ekoizpena herrian edo eskualdean saltzea gustatuko litzaidake, kamioneta kargatu eta inguruko denda edo jatetxeetara saldu edo merkatura eraman, baina hagitz zaila da: gaur egun, estatuan ekoizten den ahuakatearen % 80 Frantziara, Suitzara eta Alemaniara esportatzen da. Hortaz, bertako merkatua baztertu gabe, Frantziako merkatura begira nago, produktu ekologikoak hagitz estimatuak direlako eta horiek ordaintzeko prest daudelako. Gainera, mugatik hurbil gaude. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun