Azken hilabeteotan Arantzara bizitzera joan diren herritarrei ongietorria egin diete

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 4a, 14:00

Euskara, hizkuntza eta kultura aniztasuna ardatz hartuta, azken aldian Arantzara bizitzera joan diren hamar herritarrei ongietorria egin zieten joan den astean Arantzako Herriko Etxean. Eurekin batera, hainbat ordezkarik eta herritarrek parte hartu zuten hitzorduan.

Joan den ortzegunean, irailaren 29an, 18 lagun bildu ziren Arantzako Herriko Etxeko Aretoan, eta tartean, azken aldian, Euskal Herriko bertze tokietatik, eta Espainiatik, Nikaraguatik eta Hondurastik Arantzara bizitzera joan diren hamar herritar. Elkarren berri izan eta esperientziak elkartrukatu zituzten.

Kattin Madariaga Arantzako bertsolariak kantatutako bertsoekin eman zioten hitzorduari hasiera. Dabid Iturria Arantzako alkateak euskara eta herri euskaldunak izan zituen hizpide eta bertaratuei euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko gonbita egin zien. Rosa Maiz Arantzako eskolako irakaslea, berriz, haurrek euskara ikastearen garrantziaz eta eskolako martxari buruz aritu zen.

Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak mankomunitatearen egitekoa zein zen esplikatu zien bildutakoei, eta horrekin batera, mankomunitateak euskara ikastea % 100ean diruz laguntzen duela nabarmendu zuen.

Gonbidatuek ere hitza hartu zuten. Guztiek aipatu zuten Arantzan gustura daudela eta euskara eta euskal kulturarekiko interesa adierazi zuten.

Urko Ikardo Bortzirietako euskara teknikariak, berriz, euskararen inguruko informazioa eta baliabideen berri eman zien hurbildu zirenei. Bukatzeko, merienda egin zuten.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak aitzindu duenez, urtean behin gisa honetako saioak egin nahi dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun