Herriko hainbat elkartetako kidek hartu zuten parte: Isidoro Fagoaga Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak, Berako Abesbatzako kideak, Labiaga Ikastolako eta Jesusen Bihotza Eskolako ikasleak, gurasoak eta irakasleak, Gure Txokoako dantzariak eta futboleko jokalariak, entrenatzaileak eta gurasoak, Mugerri taldeko ordezkariak eta udaleko zinegotzi zein alkateak.
Txalo artean sartu ziren beratarrak Salleseko erabilera anitzetako aretora. Bertan, Sallesko bandako musikariak oholtzan prest ziren eta Berako Musika eskolakoak haiekin elkartu eta elkarrekin kanta batzuk jo zituzten. Musikarien ondotik, Berako Gure Txokoako dantzariek Berako makil-dantzak dantzatu zituzten eta Bera Kantariko eta Berako Abesbatzakoek, Sallesko Abesbatzarekin batera Txoriak txori abestu zuten lehenik eta Haurrak ikas zazue, ondotik, hiru hizkuntzetan.
Musikariek beren lana bukatuta, Sallesko ordezkariek Berako ordezkariei harrera instituzionala egin zieten. Romagnat herriko alkateak ere hartu zuen parte ekitaldian, izan ere Sallesko herria Frantzia erdialdean dagoen Romagnat herriarekin senidetuta dago eta herri horretako 20 lagunek ere hartu zuten parte larunbateko bestan.
Bazkal aitzinetik aperitifa musika eskolako akordeoilariek alaitu zuten eta denek batera Sallesko herriak gonbidatuta bertako eskolan bazkaldu zuten musikaren giro onean.
Arratsaldean kirolen txanda izan zen. Lehenik futbolean aritu ziren. Berako Gure Txokoako haurrak Sallesko haurrekin torneoa jokatu zuten, eta Berakoak izan ziren garaile. Ondotik, bi herrietako haurrak elkarrekin herri kiroletan aritu ziren.
Gerra zibilean erbesteratuei omenaldia
Berara bueltatu aitzinetik herriko kanposantura joan ziren, bertan baitaude hilobiratua Julian Telletxea eta Anuntxi Mitxelena, Espainiako gerra zibilaren ondorioz Sallesera alde egindako beratarrak. Bertan, Aitor Elexpuruk hitz batzuk erran ondotik, lore eskaintza egin zuten eta Gure Txokoako dantzariek aurreskua dantzatu zuten. Dantzarien artea zen Anuntxi Mitxelenaren ahizparen ondorengo bat.
19:30ak aldera, Sallesen egun ederra pasatu ondotik Berara itzuli ziren. Beratarrek gonbidapena luzatua diete Sallestarrei, eta luze gabe itzuliko diete bisita.