Lesakako Turismo Bulegoak 1.269 bisitari hartu ditu udako denboraldian

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 1a, 12:00

Bisita gidatuetan 215 pertsonek parte hartu dute uda honetan.

Inoiz izan duen kopururik handiena izan da

Pandemia baino lehen, Lesakako turismoa hazkunde fasean zegoen eta urtez urte gero eta turismo gehiago jasotzen zuen. Baina hurrengo bi urteetan, bertze herrietan pasatu zen bezala, datuak nabarmenki jautsi ziren, nahiz eta 2021eko datuak pandemia aitzineko garaira hurbildu ziren. Aurtengo udak pandemia baino lehenagoko goitirako joera hori konfirmatu du: 1.269 turistek bisitatu dute Lesakako Turismo Bulegoa uda honetan, inoiz baino gehiago.

Hala ere, aipatu beharra dago, udako denboraldia gero eta gehiago luzatzen ari direla Lesakan eta beraz, Turismo Bulegoa eta Burdinaren Museoa gero eta egun gehiago mantentzen direla irekita.

Abuztua izan da hilabeterik oparoena, nahiz eta bertze urteetako datuekin alderatuz, jautsiera izan den. Izan ere, ekainean, uztailean eta irailean aitzineo urteetako datuak nabarmenki gainditu diren moduan, abuztuan juxtu kontrakoa pasatu da. Beraz, hilabeteen
arteko ezberdintasunak gutxitzen ari dira eta estazionalitatea ez da hain handia, modu honetan udako denboraldia luzatuz.
Jatorriari erreparatuta, atzerritarren presentzia pixkat handiagoa izan da, baina oraindik nazioarteko turismoak ez du pisu handirik Lesakako turismoan (bisitarien %7a). Frantzia, Alemania eta Estatu Batuetatik etorri dira gehienak. Alemaniatik etorritakoen kasuan, %450eko gorakada izan da iazko datuekin konparatuta.
Espainiar estatu mailan, Nafarroa bertatik, Bartzelonatik eta Madriletik etorri dira gehienak eta nafarren kasuan, iaz baino %111 gehiago.

Gainera, aurten ere satisfazio-inkesta batzuk pasatu zaizkie bisitariei eta hauei esker, Lesaka bisitatzen duen turistaren profila eraikitzeaz gain, herrigune eta mendiko indargune eta ahultasunak identifikatzen dituzte. Turista gehienentzat, herria bisitatzen zuten lehenengo aldia izan da eta familian etorri dira. Informazioa aitzinetik Internet-en bilatzen dute normalean. Banaz bertzeko egonaldia bi eta hiru gauekoa da eta turismo kulturala eta aktiboa dira beraien motibazio nagusiak. Aipatzekoa da aurtengo udan jende ugarik Turismo Bulegoa bisitatu duela, espreski Burdinaren Museoa ikusteko. Hau ez zen aitzineko urteetan pasatzen, izan ere, normalean Turismo Bulegora etortzen ziren informazioa eskatzera eta, bidenabarkoan, museoa bisitatzen zuten.Turisten iritziak eta balorazioak, gainera, hagitz positiboak izan dira udako denboraldi honetan. Garbitasunean, seinalizazioan, ostalaritzan, alojamenduetan... ez da ia iritzi negatiborik izan. Gainera, inkestetan bildu diren erantzunen arabera, %98ak dio, Lesaka bere senide edota lagunei gomendatzeko probabilitate altua edo hagitz altua dagoela.

 

Bisita gidatuak eta gymkana turistikoa

Bisita gidatuei dagokienez, aurten bi free tour mota eskaini dituzte: Lesaka: gure kulturaren sorterria eta Lesaka: pelikulen eszenatokia. Guztira 12 bisita gidatu egin dira eta 215 pertsonek parte hartu dute. Aipatzekoa da iazko eguberrietan ateratako gymkana turistikoak ere harrera handia izan duela uda honetan eta estreinatu zenetik, 440 pertsonek probatu dutela.
Orain, udako denboraldia bukatuta, Turismo Bulegoaren eta Burdinaren Museoaren ateak itxiko dituzte, datozen zubietan eta eguberrietan berriz irekitzeko asmoarekin. Bitartean, Olentzeroren
gymkana turistikoarekin eta TopRutas aplikazioarekin Lesaka herria autonomikoki ezagutzeko aukera izango dute turistek.
Lesakako Udalak aurtengo udako denboraldi turistikoaren informea bere webgunean zintzilikatu du. Norbaitek interesa izanez gero, Turismoa atalean edo Zure udala – Herri planak - Turismo Plana atalean eskura dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun