Nafarroako arpana txapelketa mistoaren kanporaketa jokatuko da Igantzin urriaren 1ean, larunbatean 18:00etan. Hamabi bikote arituko dira lehian, urriaren 12an Lekunberrin jokatuko den finalerako lau txartelen bila.
Hiru txandetan banatuta ariko dira arpanlariak eta etzanda paratutako 45 ontzako enborrari hamar epai egin beharko dizkiote. Bikoteak hauek dira: Sela Goñi eta Jesus Goñi (Lekaroz), Ainhoa Etxegarai eta Alberto Fagoaga (Bera eta Arantza), Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena (Elso eta Iraizoz), Irune Biurrun eta Dani Saldias (Antsoain eta Arraioz), Esti Gastearena eta Unai Bertiz (Sunbilla), Nerea Huarte eta Iker Goldarazena (Berriozar), Uxue Rodriguez eta Josu Huarte (Berriozar), Saioa Izura eta Lur Gil (Berriozar), Olatz Altuna eta Ibai Soroa (Azkarate eta Arribe), Maider Biurrun eta Urko de la Torre (Antsoain), Bea Tanco eta Oier Kañamares (Sarriguren eta Arostegi) eta Lucia Etxeberria eta Ibai Etxeberria (Goizueta).
Aipatu bezala, lau onenek izanen dute urriaren 12an Lekunberrin 17:00etan jokatuko den finalerako txartela. Finalean hamabi epai egin beharko dizkiote etzanda jarritako 45 ontzako enborrari.
Arpana txapelketa mistoko kanporaketaz gain, harri-jasotze erakustaldia eta herritarren arteko desafioa ere izanen dituzte.