Lesakako udalak emandako ikasketa akabailako 500 euroko beka Irantzu Goienetxek eskuratu du

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 29a, 11:00
Beka hartu duen Irantzu Goienetxe, Ladis Satrustegi Lesakako alkatearen eta Fernando Trebol tutorearen artean.

‘Gurasoen banaketa edo dibortzioak ikasleen emozio eta eskola-errendimenduan duen eragina’ lana aurkeztu du eta esku-hartze protokoloa ere gauzatu du

Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako proiektuak egiteko dirulaguntza bat eman zuen iaz udalak. 2021-2022 ikasturterako Irantzu Goienetxe Batizek eraman du 500 euroko beka, Gurasoen banaketa edo dibortzioak ikasleen emozio eta eskola-errendimenduan duen eragina lana aurkezteko. Honen inguruko esku-hartze protokoloa ere gauzatu du Goienetxek. Asteazken arratsaldean egin zuen lanaren aurkezpena udaletxean Irantzu Goienetxek, Ladis Satrustegi alkatea eta ikasketetan tutore duen Fernando Trebol NUPeko irakaslea ondoan zituela.

Alkateak aipatu zuenez, beka hau eman den lehen aldia da, «udalari interesgarri iruditzen zaiolako gazteak Lesakako gaien inguruan inplikatzea, ikasleak kanpora joaten dira ikastera eta zenbaitetan ahantzi egiten zaigu nondik heldu garen. Modu honetara Lesakarekin inplikazioa bilatzen dugu eta etorkizunean lan hauetatik Lesakako udalak eta herriak etekinak ateratzen badu, datuak bildu direlako edo proiektu interesgarria izan daitekeelako, jarraipena emanen diogu». 2022-23 ikasturterako ere 500 euroko bi beka eskainiko ditu Lesakako udalak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Lehen Hezkuntzako gradua, hezkuntza bereziko aipamenarekin bukatu du Irantzu Goienetxek eta lan hau aurkeztu du ikasketa bukaerarako. «Nahiz eta gero eta gehiago diren banatzen diren bikoteak, gai honen inguruan ez dugu informazio nahikorik, eta nire esperientziatik abiatuta, nire ikasketa guztian zehar ez dut honen inguruko formakuntzarik jaso. Gure egunerokotasunaren parte den gai bat den neurrian, beharrezkoa iruditu zait hau lantzea», aipatu zuen. Egoera honetan dagoen ikasle bati nola lagundu edo nola esku hartu, horixe izan da Goienetxeren jakin-mina lan hau egiterakoan: «Helburu nagusia ikasle horrengan gurasoen banantzeak ahalik eta eragin ttikiena izatea da eta esku-hartzea ahalik eta eraginkorrena».

Lesakako Lehen Hezkuntzako ikasleekin landu du gaia Goienetxek eta horretarako galdetegi orokorra prestatu zuen lehenik eta zehatzago bat ondotik. «Helburu zehatzei dagokienez –dio bekadunak–, ikasleengan onura eragin dezaketen jarraibideen inguruan lana garatu nahi nuen, baita beraien beharrak zein diren identifikatzea». Bikotea banantzeak edo familia hausteak alde emozional, sozial eta psikikoan eragin handia du, ez bakarrik banantzen direnengan, «baita pertsona horien ingurukoengan eta batez ere seme-alabengan, gurasoak direlako beraien erreferenteak. Egoera aldatzeak, etxebizitza aldatzeak desoreka sortzen du seme-alabengan. Hauei laguntzeko neurri batzuk hartzea beharrezkoa iruditzen zait eta irakasle moduan egoera horietan nola lan egin behar dudan jakitea zen lan honen helburua».

Lanaren marko teorikoaren baitan, gaur egungo familia-eredu ugariak landu ditu, dibortzio eta banantzeak gaur egun nola ikusten diren azaldu du, banantzearen ondorio emozionaletan zentratuz, eskola errendimendua zertan datzan, metodologia eta lan honi esker egin duen esku-hartze protokoloa.

 

Galdetegi zehatza herriko bi ikastetxeetara

Galdetegi orokorra Lesakako udalera, osasun zentrora, liburutegira, kiroldegira eta bertze zerbitzuetara bidali zuen eta gero, galdetegi zehatzagoa herriko bi ikastetxetara bidali zuen, Tantirumairu ikastolara eta Irain eskolara. Irakasle eta gurasoei bidaltzeko asmoa bazuen ere, gurasoentzat gai delikatua izan zitekeelakoan, azkenean irakasleei bakarrik bidali zien eta beraien erantzunetan oinarritu da lanerako. 35 irakasletatik 14k erantzun zuten, %40ak, baina halere bi ondorio garbi atera ditu Goienetxek: «% 71,4k uste du gurasoen dibortzio edo banantzeak eragina duela seme-alaben eskola errendimenduan eta gainontzekoek ez dute ezezkorik erantzun, baiezkoa bertze modu batean eman dute. Beraz, garbi dago eragina duela». Eta bertzetik, egoera honen aurrean ikasleekin nola jokatu behar duen jakiteko informazio edo ikastarorik jaso ote duen galdetuta, %78,6ak ezezkoa erantzun du eta baiezkoa erantzun duen %21,4 horretan, guztiek beraien kabuz jaso dutela informazioa erran dute. «Hau da, ez dute unibertsitatetik edo beraien lan-eremutik jaso informazioa. Erantzun hauek ikusita, garbi dago zerbait gaizki egiten ari garela eta aldatu behar dela. Dibortzioak ikasleen emozioetan eragina ote duen galdetuta, %92,6ak baiezkoa erantzun zuen. Ondorioa garbia da», aipatu du Irantzu Goienetxek.

Egoera hau kudeatzea zaila dela jakitun, proposamena egin du Goienetxek bere lanean. «Nire iritziz, gure ikasgelan guraso dibortziaturik ez balitz ere, gaia landu beharra dago, horrelako egoera bat gertatuz gero ikasleek jakin dezaten nola jokatu».

«Dibortzioak ikasleen emozioetan eragina duela uste du irakasleen %92,6ak eta  eskola errendimenduan ere eragiten duela uste dute guztiek»

 

Esku-hartze protokoloa

Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzerako liburu ezberdinen irakurketa proposatu du Goienetxek bere esku-hartze protokoloan, eta zikloaren araberako jarduera ezberdinak: marrazkiak, antzerkia…

Egoera honen aitzinean zenbait aholku ere ematen ditu Goienetxek bere esku-hartzeko protokoloan. «Irakasleei dagokienez, errutinen sistemarekin jarraitu, komunikazio ona eta enpatia izan, dibortzioaren erranahia ulertzeko informazioa eman, gatazka gurasoen artekoa dela ulertzeko, haurraren errendimendu akademikoa alda daitekeela ulertu, zentzuzko eta bidezko mugak ezarri, hizkuntza positiboa erabiliz komunikatu; orientatzaileari, zuzendaritza-taldeari edo psikologoari haurrak ongizate psikologikoan eragina duen egoeran daudela jakinarazi eta behar den laguntza eskaini eta familiarekin harremanetan egon eta informazioa eskaini. Familiei dagokienez, bi gurasoek batera egoeraren berri ematea da aholku nagusia, erran beharrekoak aitzinetik adostu eta gezurrik erran gabe; erabakia behin betikoa denean kontatu, bertzeari errurik bota gabe; laguntza behar izatekotan, eskatu eta haurrari nola sentitzen den galdetu, bere emozioei garrantzia emanez. Seme-alabei ez bazaie garbi uzten zer gertatu den, haur ttikiek beraien erruz banandu direla pentsa dezakete eta horrek trauma eragin dezake».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun