Gurasoentzako hazkuntza positiboari buruzko eskola eginen dute Igantzin urrian eta azaroan

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 28a, 14:00

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak antolatuta, ‘Hazkuntza positiboa: eguneroko jarduna errazteko gakoak’ ikastaroa eginen dute Igantzin 3 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta. Ikastaroa urriaren 20an eta 27an eta azaroaren 3an eta 10ean eginen dute 17:30etik 19:30era, eta gaztelaniaz izanen da. 

Ikastaroan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar 848 423 450 astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara deituta, edota gurasoeneskola@nafarroa.eus helbidera mezu bat idatzi. Urriaren 7a izanen da izena emateko azken eguna eta guttienez 15 lagunek eman beharko dute izena taldea sortzeko.

Lau saio izanen ditu ikastaroak, eta saio bakoitzean gai zehatz bat landuko dute.

Tailerraren helburua da parte-hartzaileek beren ezagutzak berrantolatzea eta beren seme-alabak zaindu eta hezteko baliabideak eta trebetasunak garatzea eta beren gaitasunak hobetzea. Esperientziak partekatzeko, ezagutzak handitzeko eta hausnartzeko ikastaroa izanen da, eta horretarako ekintza batzuk talde txikietan eginen dituzte, eta bertzeak denek elkarrekin.

Saio guztietara joateko gomendioa egin dute elkarren osagarri izanen direlako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun