Pilota txapelketak, plater tiroketa eta dantzak ere izan zituzten Igantzin besta aitzineko asteburuan

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 27a, 07:00

Frontenis eta pilota goxo txapelketetako saridunak.

Frontenisean Andoni Espelosin eta Mikel Urtxegi Dorronsoro suertatu ziren txapeldun eta eskuz pilota goxoarekin Enaitz Telletxea eta Beñat Iantzi

Igantziko bestetako egitarauaren barrenean, plater tiroketa egin zuten larunbat goizean Ziobin. Eguraldi kaxkarra bazen ere jende franko bildu zen bertan eta goiz pasa ederra egin zuten. Aurtengo saridunak hauek izan ziren. A. Retegi, B. Telletxea eta J. Eugi. Ondotik Ehiztari Elkarteko juntakideek prestatutako gosariarekin bukaera eman zioten goizari.

Plater tiroketan saritutakoak.

Pilota txapelketen finalak

Plater tiroketa bukatu eta berehala pilotarien txanda izan zen. Frontenisean eta eskuz, pilota goxoarekin jokatutako txapelketen finalak jokatu zituzten.

Frontenisean, Andoni Espelosinek eta Mikel Urtxegi Dorronsorok 30-22 irabazi zieten Enaitz Telletxea Sein eta Igor Antxordoki Mutuberriari.

Eskuz, pilota goxuarekin, berriz, Enaitz Telletxeak eta Beñat Iantzik 22-17 irabazi zieten Iñigo Telletxeari eta Joseba Bertizi.

 

Dantza taldearen emanaldia

Egunari akabaila emateko, Igantziko Dantza Taldeak beraien emanaldia eskaini zuen. Haur, gazte zein helduak berriz ere erakustaldi polita prestatua zuten eta eguraldia lagun saio borobila burutu zuten. Dantzariek lanak bukatuta luntxa eta afaria izan zituzten sari gisa.

Dantza emanaldi ikusgarria eskaini zuten Igantziko dantzariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun