Maria Iantzi Irigoien

«Sokatiran pertseberantzia da garaipenerako gakoa»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 27a, 09:00

«Kirola, musika, dantza, bidaiatzea… eta besta pixka bat egitea» gustuko duen gaztea da Maria Iantzi Irigoien (Igantzi, 1998). Ttikitatik aritu izan da pilotan, palan eta dantzan, baina «sokatirarekin batera» hasi zen bertzelako kirolak probatzen; «mendia, lasterka eta bizikleta batik bat. Fisikoki ongi egon behar nuenez, kirolari denbora eskaintzen hasi nintzen eta gaur egun afizio bihurtu da».

Pertseberantzia gako

2017an hasi zen Beti Gazten sokatiran; «pare bat urte lehentxago emakumezkoen taldea berreskuratu zuten neska batzuk, orain taldekide direnak, eta probatzera gonbidatu ziguten. Ze lanak hasieran!»

Geroztik hainbat txapelketetan parte hartu du, baita txapelak jantzi ere. Gakoa «pertseberantzia» dela dio, «teknika eskatzen duen kirola da eta lortzea kostatzen denez, ari eta ari ibili behar da, beti hobetzen saiatzeko». Honez gain, «entremendu eta esfortzu pertsonalerako konpromisoa» azpimarratu ditu, «eta nola ez, talde giro onak aunitz laguntzen du».

Hala ere, «egun txarrak ere» dituztela azaldu digu; «taldea fisikoki zein psikologikoki indartsu mantentzeko ahalegina egitea oinarrizkoa da. Pertsonak gara eta gure lan, egoera eta biziak ditugu, ezin gara beti %100ean egon. Horregatik, elkar ezagutzeak aunitz laguntzen digu, elkar zaindu eta taldea orekatzeko». Gainera, «mutilen taldekoak beti ondoan ditugu eta haiengandik aunitz ikasi dugu».

Sokatira «bide onetik»

Emakumezkoen sokatira Nafarroan «geroz eta gehiago zabaltzen ari dela» dio Iantzik, «talde dezente gara, emakumeen eta gizonezkoen partaidetze berdintsua dela erratera ausartuko nintzateke». Iruñerri inguruan «talde mordoxka» daude eta gure eskualdean «zorionez Amaiurrek sokatira taldea berreskuratu du, emakumezko zein gizonezkoetan. Seinale ona!».

Txapelketetan berezitako kategoriak eta mistoa jokatzen dituzte, «eta frontoian goma bat baino gehiago egotean ikusgarritasuna parekoa izaten dela» dio. «Arauren bat edo bertze birplanteatu» daitekeela gehitu du, «baina bide onetik goaz».

Bizikletan ere trebe

Pedalei ere eragiten die Iantzik; «etxean hautsa hartzen ari zen bizikleta estatikoa erabiltzen hasi ginen konfinamenduan. Kanpora ateratzen utzi ziguten egunean anaiaren karreterako bizikleta probatu nuen eta sentsazioa aunitz gustatu zitzaidan».

«Bizikletari esker txoko polit aunitz ezagutu ditut»

Errepidetik ibiltzen da, ez baitu mendiko bizikletarik. Hala ere, «behin lagun batek utzita kuadrillakoekin probatzera atera nintzen eta sentsazio arront desberdina izan zen. Azken aldian pentsatu dut berriz ere probatu beharko nukeela».

Bizikletari esker «Iparralden ezagutzen ez nituen txoko polit aunitz» ezagutu ditu, «leku zoragarriak ditugu inguruan, baina ez nintzateke gustukoen dudan leku bat aipatzeko gai izanen».

Herriko bestetarako prest

San Migel bestak ospatuko dituzte aurten Igantzin, bi urteko geldialdiaren ondotik, eta «hagitz gogotsu» dago Iantzi. «Norbere herriko bestak beti dira bereziak eta gainontzeko herriek beraienak ospatu ondotik, gu ere gureak ailegatzeko gogoz gaude».

Herritarrak ere gogotsu ikusten ditu; «iraila nahiko betea etorri zaigu: Mendi Duatloia, berreskuratu dituzte Berrizaungo bestak, dantza saioa, frontenis eta pilota txapelketa… bestetako motorrak berotzen ari gara denok».

«Igantzi bizirik dagoen seinale dira herriko bestak»

Egun berezi hauetan «herria kolorez janzten da; zapi berdeak, blusak, zintzilikatutako banderak… Herria bizirik dagoen seinale dira bestak: jendea kanpoan, ostatua betea, eguraldi atsegina, txaranga, buruhaundiak, haurrak alde batetik bertzera lasterka gerriko poltsekin… sortzen den giro goxoa da gehien gustatzen zaidana».

Bestek bi bereizgarri dituztela dio. «Batetik, iraila beti errutinara bueltatzeko hilabetea da eta bestak parentesi ttiki bat dira, buelta gogoz hartzeko. Bertzetik, beti lotu izan ditut herriko bestak udazkeneko haizego goxoarekin, besta kanpoan egiten laguntzen duena».

Azkenik, jendea sokatira probatzera animatu du; «konpromisorik gabe solastatu dezakezue gutako edozeinekin edo taldeko instagrametik (@betigazte_sokatira)». Bertzetik, «denak Igantziko bestetara ongi pasatzera etortzeko animatu nahiko nituzke, giro ederra izaten da eta!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun