Argaratebereko gaztak irabazi du Igantziko XVII. lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 26a, 14:00

Igantziko XVII. gazta lehiaketako saridunak, epaimahaiko kideekin eta Biltoki elkarteko juntako kideak, sari banaketaren ondotik. Argazkia: Oskar Txoperena

Igantziko besten txupinazoa irailaren 28an, asteazken arratsaldean botako dute, baina, ohi bezala, aitzineko asteburuan ere hainbat ekitaldi ospatu dituzte. Larunbat arratsean herriko dantzarien emanaldia ederra izan zen eta igande eguerdian Biltoki elkarteak antolatutako lehiaketara aurkeztutako zortzi gazten artean, Argaratebereko Mari Joxe Lizardirena nagusitu zen. Argarategaraiko Elena Retegirena bigarren izan zen eta Argiñenbordako Carmen Larralderena hirugarren.

Larunbat goizean gosaria eta plater-tiroketa izan zuten Ziobin, eguerdian herriko pilota goxua eta frontenis txapelketen finala eta arratsean herriko dantza taldearen emanaldia. Hainbat lagun bildu zen emanaldia ikustera.

Igande goizean karrika buelta egin zuten txistulariek eta eguerdian, aipatutako gazta lehiaketaren hamazazpigarren edizioa eta ardo dastaketa. Honetan, lau upategietako ardoak dastatzeko aukera izan zen frontoian. Arratsaldean karrika buelta egin zuten kankailu eta buruhandiek eta beraiekin batera hainbat neska-mutikok eta besta aitzineko asteburua borobiltzeko, gazta eta opil dastaketa izan zuten trikitilariekin.

Epaimahaiak ez zuen lan erraza izan, baina bai goxoa. Argazkia: Oskar Txoperena

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun