Mendi eta azienden azpiegituretan inbertsioak egin ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 22a, 13:00
Larhunen konpondu duten egurrezko ixtegia.

Berako Udalak inbertsioak egin ditu aziendentzako azpiegituren hobekuntzan, zein lur komunaletan mendi lanak egiteko. Aziendarentzako azpiegituren hobekuntzan 119.822 euroko inbertsio egin du udalak eta 201.949 eurokoa mendi lanetan.

Aziendentzako azpiegituren hobekuntzako lanek 119.822 euroko kostua izan dute, eta horiek finantzatzeko  Nafarroako Gobernuaren 48.000 euroko dirulaguntza hartu du udalak. Alde batetik, abeltzaintzako hiru ixtegiren egoera hobetu dute, eta bertze berri bat eraiki dute. Bertzetik, lau pasabide kanadiar paratu dituzte mendiko eta baserrietako bideetan, errepide nagusietan aziendarik ez sartzeko. 

Konpondutako ixtegiak Iasolan eta Larhunen daude. Iasolakoan ixtegi baten itxitura berritu eta luzatu dute. Larhunen, aldiz, bi berritu dituzte. Lehenbizikoan zurezko hesiak jartzeko lerrokadurak ireki, harrapalekutik pistara ateratzeko tarte bat ireki eta ataka berri bat jarri dituzte. Bigarrenean, aldiz, hesiak eta itxiturak guztiz kaltetua zeuden eta osorik berritu dute.

Labiagan, aldiz, ixtegi berri bat eraiki dute osasun kontrolerako tratamenduak emateko lagungarria izanen dena. Ur puntu bat ere ezarri dute bertan. 

Lizuniagan, Bera eta Sara lotzen dituen NA-4410 errepidearen iparraldean eta hegoaldean hiru pasabide kanadiar paratu dituzte animaliak errepidera ez ateratzeko. Laugarren pasabidea Matxain inguruan paratu dute, Ardanbide, Ardanbidegigaiña eta Ardanbidegiazpia baserriak N-121-A errepidearekin lotzen dituen bidean. 

Mendi lanak

Mendi lanei dagokionez, 201.949 euroko inbertsioa egin du udalak, eta lan horien erdia finantzatu du Nafarroako Gobernuak. Kasu horretan oihan berritzeak, plantazio berrien mantentze lanak eta mendiko hainbat pista moldatu dituzte. 

Bordatxuri inguruan, 7,5 hektarea oihanberritu dituzte gaztainondoak eta alertzea landatuta. Horrez gain, azken urteetan landaketa egindako eremuetan iratzea eta otea kendu dituzte. 

Abeltzaintza intereseko soilguneak garbitzeko lanak ere egin dituzte. Lan horiek Man-
ttalen, Arizmendin, Larhunen eta Labiagan egin dituzte. Gainera, Santa Barbaran udalak aldaketa bat sustatu nahi du lehenik larre natural bihurtzeko, eta epe ertainean belardia izateko. 

Azpiegiturei dagokionez, hainbat pista berritu dituzte: Sarrallakoa, Postasekoa, Usategietatik Landagaitara doana, Intzolakoa, Komiziarrakoa eta Eltzaurdiko pista.

Irailean Intzolako errekan arazketa eta bakantze lanak eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun