Berako eta Urruñako Udalek sustatu dute Bideak proiektua bi herrien arteko bideak berreskuratuz bertako ondarea bildu, ezagutzera eman eta zabaltzearekin batera, bi herrien arteko harremanak sendotzeko. Horretarako, bi herrietako artistentzako beka deialdia egin zuten abuztuan, eta dagoeneko esleitu dituzte zeinek jasoko dituzten bekak.
Deialdira hiru norbanako eta talde bat aurkeztu dira: Urruñatik Odei Barroso bertsolaria eta musikaria eta Joseba Aurkenerena idazlea eta irakaslea. Beratik, aldiz, Asier Gogortza ibilbide luzeko diziplina anitzeko argazkilaria eta artista eta Mikelperizena familia, Iciar eta Javier anai-arrebak, eta Feliciano aita. Iciar ibilbide luzeko margolaria da eta 25 urte baino gehiago daramatza pintatzen, Javierrek burdina eta harria lantzen ditu, eta aitak, aldiz, Larhunen egin du lan bizi osoan, eta kontrabando istorioak ezagutu eta bizi izan ditu.
Irabazleak erabakita, bi herrien arteko partaideekin bi bikote osatu dituzte: alde batetik Gogortzak eta Barrosok osatuko dute lehen bikotea, eta Mikelperizena familiak eta Aurkenerenak bigarrena. Bikote bakoitzari, aldiz, lan egiteko bide bat esleituko zaio.
Intzolako bidea
Intzolako bidea egokitu zaie Barrosori eta Gogortzari. Intzolako bidea XIX. mendearen bukaera arte bi herrien arteko ibilbiderik erabiliena eta garrantzitsuena izan zen. Berako Itzea auzotik aterata, Usategietako lepoan barna, Bidostegiko bidean goiti, Intzolara joaten da. Handik, 18. mugarria pasata, Erleen lepora segitzen du, Airelekun barrena Urruñako Olheta auzoko Urtubienbordara ailegatzeko. Bi artistek elkarlanean proposamen bakar bat landuko ditu, elementu protohistorikoak, Intzolako ola eta burdinaren eta ikatzaren garraioa, meategiak edo Espainiako gerrako langile-barrakoi eta bunkerrak abiapuntu hartuta.
Mandobideko bidea
Mikelperizena familiak, eta Aurkenerena bikoteak, aldiz, Mandobidea deituriko bidea izanen du abiapuntu proiektua sortzeko. Berako San Esteban elizatik aterata, Postan goiti, Ibardingo meategiak bazter utzita Ibardingo lepora egiten du bideak. Handik, Batzarleku gainetik, Herbururaino jaisten da. Kontrabandistek maiz erabilitako bidea da, ondare immaterial aunitzekoa. Proiektua garatzerakoan, kontrabandoa, fazeriak eta nekazaritza harremenak, edo Konbentzio-gerra eta frantsestea landu beharko dituzte.
Nafarroako Gobernuak diruz lagundu du bi udalek sustatutako proiektua, eta artistek urriaren 31rako bukatu eta aurkeztu beharko dituzte egindako lanak.