Telelanean ari direnei edota norbere enpresa martxan jartzeko toki bat behar duteei begira, Lesakako udalak coworking gunea martxan paratu nahi du Beheko Plazako Eskriboneko beheko solairuan, berriki arte turismo bulegoa hartzen zuen lokalean. Lan partekatuko gune honetan interesatuta daudenek irailaren 27tik aitzinera apuntatu daitezke tokia lortzeko.
Gune honen erabilera eta prezioak arautzen dituen ordenantza ere onartua du Lesakako udalak. Hasiera batean maiatzaren 19ko batzarrean onartu zuen eta eta ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, jendaurreko epean inork ez zuen alegaziorik aurkeztu eta behin betirako onetsi zen.
Gisa honetako eremuek azpiegitura komunak dituzte ingurune bakar batean eta zenbait abantaila dituzte erabiltzaileentzat: inbertsioa behar txikiagoak materialean, ekonomia ustiapen kostuetan, proiektuaren hasierako beharretara egokitutako espazio fisikoa izatea eta jarduera hasteko azkar kokatzeko eta instalatzeko aukera. Lan-eremua errentan emanen da, baita bideo-deien eta bileren gela bat ere eta horiek guztiek instalazio komun guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute.
Eskriboneko beheko solairuak 65,57 metro koadro ditu, hiru espaziotan banatua dago eta bertan zortzi coworking gune daude. Erabileragatik udalari ordaindu beharreko prezioa hilean 10 eurokoa izanen da (gehi BEZa) eta udalaren kontu izanen dira argia, berokuntza, ur-beroa, internet, garbiketa eta zaborrak. Udalak guttienez sei hilabeterako utziko du espazio partekatu horien eta bulego pribatuaren erabilera, baina bi urtera arte luzatzeko aukera izanen da. Bi urteren buruan bertze erabiltzailerik agertzen ez bada, udalak bertze sei hilabetez luzatzeko aukera eman dezake, baita errentamendua bukatutzat emateko ere.
Parte hartzeko oinarriak eta informazio gehiago www.lesaka.eus webgunean.