Epaileak kartzelara bidali du genero indarkeriagatik zigortutako Bortzirietako gizonezko bat, bikotekide ohiarekin duen urruntze-agindua urratzeagatik

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 20a, 17:30
Etxebizitza eta ibilgailua miatzerakoan, foruzainek hiru arma aurkitu zizkioten (bi autoan, kargatuta zeudenak, eta bertze bat etxean), baita 3D inprimagailuko piezak ere, armak egiteko balio zutenak.

Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Iruñeko Epaitegiko titularrak Bortzerrietako bizilagun bat behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du, komunikatuta eta fidantzarik gabe, genero indarkeriagatik zigortuta, bikotekide ohiaren urruntze- eta komunikazio-agindua hausteagatik.

Biktima babesteko bertze modurik ez dagoela dio magistratuak

Errekurritu daitekeen ebazpen judizialean, magistratuak uste du ez dagoela bertze neurririk biktima babesteko.

Auzian honako delitu hauek ikertzen dira: kondena edo kautelazko neurria urratu izana, etxeko indarkeria eta genero-indarkeria, lesioak eta familia-tratu txarrak, mehatxuak eta armak legez kanpo edukitzea.

Astelehenean epailearen aitzinean egindako agerraldian, Fiskaltzak inputatuaren behin-behineko espetxeratzea eskatu zuen; akusazio partikularrak (biktima) eta defentsak, berriz, fidantzarik gabeko behin-behineko askatasuna eskatu zuten.

Irailaren 6an, urruntze-zigorra eta biktimarekin komunikatzeko debekua ezarri zioten gizonezkoari. Hala ere, «hurrengo egunean, Polizia Nazionalak egindako kontrol batean atzeman zituzten biak».

Ondotik, hilaren 16an, «auzipetuak testu eta audio mezuak bidali zizkion bikotekide ohiari. Mezu horietan, iraindu eta mehatxatu egin zuen biktima, hirugarren pertsona batekin duen ustezko harremanagatik. Magistratuaren ebazpenean zehazten denez, biktimarekin zituen mezuak erakusteko eskatu zion inputatuak gizon horri». Gertakari hauengatik ere inputatuaren kontrako salaketa jarri zen.

Ebazpen judizialaren arabera, inputatuak gertakariak partzialki onartu zituen, baina hutsaldu eta garrantzia kendu zien, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.

«Muturreko» arriskua

Epaileak autoan nabarmendu du poliziak egiten duen arrisku-balorazioa «muturrekoa» dela. Horregatik, azken gertakari horiek kondena baten ondotik gertatu direnez, egokitzat jotzen du behin-behineko espetxealdia, «Biktimaren osotasuna eta osasuna babesteko, delitua berriro egitea saihesteko eta frogak suntsitzeko arriskuagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun