Ehun urte bete ditu Igantziko Teresa Etxebeste Zozaiak Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 19a, 10:00
Ehun urte bete ditu Igantzin sortu eta orain Berako zahar etxean bizi den Teresa Etxebestek.

Ehun urte bete ditu irailaren 18an Igantzin sortu eta ezkondu, urtetan Errenterian bizitu eta azken hogei bat urtetan Beran bizi den Teresa Etxebeste Zozaiak. Larunbatean familiarekin ospatu zuen mendeurrena Errenterian, hango betiko bizilagun kuttunak eta lagunak ere inguruan zituela eta igandean San Jose zahar etxean, oraingo bizilagunekin eta zaintzen duten langileekin.

1922ko irailaren 18an jaio zen Igantzin Teresa Etxebeste Zozaia, Frain auzoko Aiesteneko bordan. Bederatzi anai-arreben artean bigarrena izan zen eta horietatik hiru bizi dira: Teresa Beran eta Kontxita eta Rafaelita ahizpak Igantzin.

Teresa arrunt emakume langilea izan da beti eta haurra zenetik etxeko lanetan, baserriko egin beharrekotan, ostalaritzan, etxekoendako eta bertzeendako arropa josten…

Nafarroa eta Gipuzkoa artean eman du bere bizitza. 1959an Marcelino Mendigutxia Etxeberria herritarrarekin ezkondu zen Igantzin eta bertan hasi ziren bizitzen. Halere, urte guttira, sorterria utzi eta Errenterian (Gipuzkoa) jarri zuten bizilekua. Ordurako bi ume zituzten eta Errenterian jaio zen hirugarrena. 1995ean alargundu zen eta duela hogeiren bat urte Beran duen alabaren ondora etorri zen bizitzera.

Teresa Etxebeste Zozaia sasoiko dago oraindik ehun urterekin.

Hiru seme-alaba izan ditu Teresak. Zaharrena, Lupe, Beran bizi da eta bertzeak, Jenar eta Alberto, Errenterian. Bortz biloba eta birbiloba bat ere badu.

Bederatzi anai-arrebetatik hiru bizi dira. Teresa Beran eta bi Igantzin, Kontxita eta Rafaelita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun