Uda giroa

Jendetsuak izan dira Berako Illekueta auzoko bestak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 19a, 17:00

Larunbatean hasi, eta igandera bitartean ospatu dituzte Illekueta auzoko bestak. Jende aunitz eta giro ederra izan dute. 

Larunbat eguerdian Konpaneko zubitik botatako txupinazoarekin hasi ziren bestak. Auzoko pertsonarik zaharrenak bota izan du txupinazioa azken urteetan, baina, aurten Josetxo San Juan eta Angel Goikoetxeak bota zuten, berriki hildako Jesus Mari San Juanen eta Maria Jesus Sanjuanen omenez.

Txupinazoaren ondotik, erraldoiek itzulia egin zuten auzoan musikarien laguntzaz.   Ikusmina piztu zuen herri kirol saioak, bi taldetan banatuta aizkoran, arpanean eta lasterka aritu ziren eta ikuskizun ederra eskaini zuten kirolariek. Herri kirolak bukatuta, musikaz alaitutako zikiro jatea izan zuten, eta  120 lagun inguru elkartu ziren. 

Arratsaldean izan zuten jarraipena bestek. Mus txapelketa jokatu zuten bazkal ondoan eta iluntzean Bera Kantari eta DJ ELvis Cainoren musika izan zuten. 

Igandean ere giro polita izan zuten. Goizean meza eta haurren pintura saioa izan zituzten, eta arratsaldean, aldiz, haurrentzako jolasak, eta Gure Txokoa Dantza Taldearen emanaldia. Ordu erdiko dantza saio ederra eskaini zuten, eta jendetza bildu zen ikustera. Pintxo dastaketarekin bukatu zituzten bestak. 

Zozketako zenbaki saridunak

Ohiturari segiz, bestekin batera zozketa ere egin zuten. Lehenengo saria, 0113 zenbakiarentzan izan da; bigarrena 0028rentzat, eta hirugarrena 0754rentzat. Irabazleek 15 eguneko epea izanen dute saria hartzeko. Denbora tarte horretan saritua ez bada ateratzen, zozketa berriz ere eginen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun