Gazta pusken bisita gidatua egin dute Lesakako Arrano elkartearen egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 19a, 09:00

Eguraldi bikaina lagun ospatu zuten larunbatean Lesakako Arrano elkartearen eguna. Ohi bezala, Agiñara mendi buelta eginez ekin zioten egunari, batzuk oinez bertzeek bizikletaz. Baina eguneko berrikuntza nagusia ‘Gazta pusken bisita gidatua’ karrika antzerkia izan zen.

Txalaparta doinuekin abiatu eta bisita gidatu baten irudikapena eginez, Olentzero eta San Fermin, Lesakako bi izarrak izan zituzten gonbidatu bereziak herrian barna egindako txango irriemangarrian, gidari eta guzti. Ekhiñe Zapiain, Josu Txoperena, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjo bertsolariek ere kantatu zuten geldialdietako batzuetan, leihoetatik zokomiran eta mingain dantzan ari ziren emakumeek eta ezpatadantzariek ere protagonismoa izan zuten kalejira jendetsuan. Olentzero eta San Ferminen arteko “lehia” estua izan zen, eta plazan irudikatutako borrokan, boxeo-ring eta guzti, eta zubi gaineko hauteskunde-promesa norgehiagokan jo zuen goia. Ezpatadantzariek ere, halako batean, Arrano parean bukatu zuten plazan hasitako Aurresku bukaezina.

Ondotik, betiko moduan, Leitzako lan-taldeak prestatutako zikiro-jatea izan zuten eta arratsaldean poteo musikatua eta DJa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun