Debako udalak sustatutako Tene Mujika beka irabazi ondotik Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian liburua landu eta argitara eman du Berako Jon Abril Olaetxea kazetari eta kultur dinamizatzaileak. Gaur goizean egin du aurkezpena Donostian Xabier Mendiguren editorea eta Debako Udaleko ordezkaria ondoan zituela. Arratsaldean, aldiz, Deban aurkeztuko dute.
Gaurkoak ez dira aurkezpen bakarrak izanen, ortziralean, irailaren 16an herritarren aitzinean aurkeztuko du liburua Berako Kultur Etxean 19:00etan.
XX. mendean, gerraostean beharrak eta ausardiak hauspotuta kanpoko lanean aritu ziren emakumeen testigantza da liburuaren oinarria. Horretarako idazleak hamaika lanbide hautatu ditu eta lanbide horietako bakoitzean aritutako emakumeen lekukotasuna jaso du.
Sinopsia
Irudipena dago XX. mendean, gerraostean, emakumeak oro etxean geratu zirela, familia zaintzen eta haurrak hazten, kanpoko lana gizonei utzita. Alabaina, legeek eta usadioek horretara bultzatu arren, izan ziren hainbat andrazko, beharrak eta ausardiak hauspotuta, giroari aurre egin eta hainbat arlotan aritu zirenak. Esku finak eskatzen zituzten lanak izaten ziren, baina soldata-maila eskasekoak, sektore berean ari ziren gizonezkoek baino gutxiago irabaziz, gainera.
Isildutako eskuak izan dira emakumeenak, haien ahotsa bezala. Liburu honek emakume horietako batzuei ahotsa eman nahi izan die, guztien izenean, haien ekarpen sozial eta historikoa ikusgarri egiteko.