Horretaz gain, «bizpahiru orduz deus antolatu gabe egon ondotik», kanpaina girotzeko kontzertutxo bat antolatu dute irailaren 23an, ortziralean 20:00etan Berako kultur etxean. Joseba B Lenoir eta Mice taldeko Miren Narbaiza ariko dira Lenoir eta Mice bikotea osatuz.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak herritar oro animatu nahi du euskara ikasi eta hobetzera. «Gure konpromisoa berretsi nahi dugu euskara ikastea denon eskura egon dadin. Bortzirietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek %100eko dirulaguntza dute euskara ikasteko, eta gainera dirulaguntzaren zatirik handiena ikasturte hasieran hartzen ahal dute. Ahalik eta erraztasun gehien eman nahi dugu eta egoera ekonomikoa ez dadin izan eragozpena. Izan ere, euskara ikastea herritar guztien eskubidea da eta doakotasuna bermatuta egon beharko luke». Aurten izan da berrikuntzarik dirulaguntza deialdian: dirulaguntzaren gehieneko langa igo dute eta 700 euro arteko ikastaroak finantzatuko dira mankomunitatetik. Eskaerak irailaren 30era arte egiten ahal dira.
Bideoaren laburpena
Lau herritar, lau euskara ikasle, lau hiztun berri dira protagonista. Alba Roda, Manu Mesa, Marina Prestiakova eta Nuria Cano euskarari buruz ari dira, euren bizipen, pasadizo eta emozioei buruz. Euskara ikasten ari dira, euskaraz ari dira. Hobeki bizitzeko. Lotsak galduta eta gogoz. Hiztun berriei ahotsa eta ikusgarritasuna ematen zaie bideo honetan. Izan ere, eskertzekoak dira euskaraz bizitzeko euren hautua eta euskararen jarraipenari egiten dioten ekarpena.