Uda giroa

Illekuetako bestak ospatuko dituzte asteburuan Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 14a, 08:00

Bi urtez egin gabe egon ondotik, Illekuetako bestak ospatuko dituzte asteburuan Beran. Aurten ere auzoko besta batzordeak denetariko ekitaldiak prestatu ditu: dantzak, herri kirolak, mus txapelketa, otorduak.. 

Irailaren 17an, larunbata Konpane zubitik 12:00etan botako duten txupinazoarekin hasiko dituzte bestak. Ondotik buruhandiak, erraldoiak eta gaiteroak auzoan barna ibiliko dira. 

13:00etan herri kirol saio berezia eginen dute. Proba konbinatua jokatuko dute aizkoran, arpanean eta lasterka. Alde batetik lehenengo taldean aizkoran Donato eta Oier Larretxea ariko dira, arpanean Xabi Agesta eta Leire Astiazaran eta lasterka Unai Elizagoien. Beraien kontra ariko dira Oihan Larretxea eta Endika Goia aizkoran, Igor Lasaga eta Nerea Sorondo arpanean eta Mattin Garbisu lasterka. 

Herri kirolen ondotik 14:30ean auzotarren herri bazkaria izanen dute. Ondotik 16:30ean haurrentzako jokoak izanen dira (zankoak, toka, apoaren jokoa...). 18:00etan mus txapelketa izanen da eta 19:00etan Bera Kantarik alaituko ditu auzoko karrikak. 20:30ean zezensuzkoa aterako da eta ordu erdi beranduago DJ Elvis Cainok alaituko du besta. 

Igandean haurrak eta dantzak protagonista

Igandean, hilak 18, 12:00etan meza eginen dute Irigottian eta ordu berean, haurrentzako marrazki  saioa antolatu dute. Besta batzordetik jakinarazi dutenez, parte hartu nahi dutenek margoak eraman beharko dituzte eta antolatzaileak papera banatuko dute.

16:00etan haurrentzako jolasak izanen dira eta 19:00etan Gure Txokoa Dantza Taldearen ikuskizuna hasiko da. Bestak bukatzeko 20:30ean pintxo dastaketa izanen dute. Horretarako, pintxoak eraman nahi dituenak 20:00etarako  txosnan utzi beharko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun