Amaia Taberna Lizaso

«Ttikitan trikitixa probatu eta nire tokia harrapatu nuen»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 11a, 08:00

Zortzi urterekin hasi zen Amaia Taberna lesakarra trikitixa jotzen eta izandako ibilbideaz solastatu da

Nola definituko zenuke zeure burua?

Geldirik gutti egoten dakien neska gazte eta saltseroa.

Zein dira zure zaletasunak?

Mendia, musika eta bidaiatzea.

Zer ikasten ari zara?

Haur eta Lehen Hezkuntza gradu bikoitza egiten ari naiz Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean.

Noiz hasi zinen trikitixa jotzen?

Zortzi urterekin hasi izanen nintzen, eta berandu arte segitu nuen trikitixa klaseetara joaten. Orain nire kabuz jotzen segitzen dut, gutti bada ere.

Zergatik?

Sei urterekin hasi nintzen lagunekin panderetan, eta hagitz gustura egoten ginen. Haundiagoak trikitixa nola jotzen zuten ikusten nuen eta aunitz gustatzen zitzaidan. Horren harira, probatu eta nire tokia harrapatu nuen bertan.

Hor Dun Koxka taldean jo duzu. Nola sortu zen?

Bai. Trikitixa munduan betiko lau lagunek jarraitu genuen, eta trikitizale amorratuak ginen. Aunitz elkartzen ginen eta talde bat sortzeko ilusioa sortu zen. Hasierako talde horri bertze trikitilari bat ere gehitu zitzaion beranduago eta saiakera egin genuen behintzat!

'Kateak hautsita' kanta grabatu zenuten 'Haziak II' diskorako. Nolako esperientzia izan zen?

Bai, eta egia erran esperientzia hagitz aberasgarria izan zen, eta hagitz oroitzapen politak gelditu zaizkigu hartatik. Irri ederrak egin genituen, eta errepikatzeko gogoa ere badugu!

Bertze talderen batean jo duzu?

Ez, Hor Dun Koxkan bakarrik jo izan dut. Oraingoz nahiko geldirik dago proiektua, baina aukerarik izango bagenu berriz elkartzen saiatuko ginateke berriz ere hasteko.

Trikitixaren munduko erreferentziazko artistarik al duzu?

Ez dut erreferente zehatzik, baina izugarri disfrutatzen dut Nafarroako Trikitixa Jaialdiko afarian jotzeko proposatzen diren abesti guziak ezagutzen eta jotzen dakizkiten trikitilari horiekin. Hori da hori meritua!

Zure asmoak epe motzera?

Egiten ari naizen ikasketak bukatu eta betikoekin berriz elkartzeko aukera izatea, Hor Dun Koxka berriz ere martxan jarriz, egiten genituen irriak berreskuratzeko.

Eta epe luzera?

Irakasle izanik nire zaletasunak indartzea bidaiatuz eta bizitzaz gozatuz!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun