Hizkuntza- eta ikaste-nahasmenduak dituzten haur elebidunekin esku-hartzeko ereduei buruzko ikastaroa antolatu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 9a, 17:00
Hizkuntza- eta ikaste-nahasmenduen antzemate, ebaluatze eta ondorengo esku-hartzeak hobetzeko bailabideak jartzea. du helburu ikastaroak.

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta irailaren 16 eta 17an eginen dute

Euskal Herriko Unibertsitateak, Uda Ikastaroen barne, Hizkuntza- eta ikaste-nahasmenduak dituzten haur elebidunekin esku-hartzeko ereduak, hezkuntzan eta gizarte-osasun mailan izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 16 eta 17an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Lesakako udala, Lesakako osasun zentroa, Bortzirietako Guztiok elkartea, Elebilab eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritza dira ikastaro honen laguntzaile. Izena eman daiteke oraindik www.uik.eus webgunean.


Ikastaroa dibulgaziorako jarduera da, baina baita formakuntzakoa ere. Helburua, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuetako profesionalak familiekin eta hainbat erakundetako ikertzaileekin harremanetan jartzea du helburu, esperientziak partekatu eta trukatzeak, orokorrean, hizkuntza eta komunikazio-nahasmenduen artatzean aurreratzen lagunduko duelakoan, eta zehazki, testuinguru elebidun eta eleaniztunetan. 

Hizkuntza nahasmenduen gaineko ikastaroen zortzigarren aldi honetan eskola garaian (lehen hezkuntzan, nagusiki) jarri da arreta, hizkuntza-garapeneko nahasmenduak baldintzatu edota gainjarri egiten baitzaizkie haurrek dituzten askotariko ikasteko arazoei.

Euskara etxean, eskolan eta gizartean presente dagoen hiru lurralde administratiboetako esperientziak izango dira hizgai, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Iparraldean bere esparruko erreferentzia diren eta eskarmentu frogatua duten profesionalek azalduta. Esperientzia hauei Madrileko eta Mexikoko adituenak ere gehituko zaizkie.

Aurten esperientzia praktikoetan gehiago aritzeko aukera izango da. Asmo horrekin gehitu da bi egunen amaieran "galderak adituari" egiteko aukera emango duten mahai inguru bana. Saio horietan antolatzaileek zein entzuleek galdera praktikoak egingo dizkiete mahaikideei.

 

Helburuak

Hizkuntza- eta ikaste-nahasmenduen antzemate, ebaluatze eta ondorengo esku-hartzeak hobetzeko bailabideak jartzea.

Hizkuntza-arazoak dituzten haurren ikasketa prozesua errazteko eskolan erabili ohi diren esku-hartzeko baliabide eta prozedurak hobetzen lagun dezaketen ideiak jasotzea.

Familiek dituzten eskarmentua eta baliabideen berri jasotzea. 

Familian eta maila sozio-sanitarioko esku-hartzea hobetzeko ekarpenak jasotzea.

Arazo zehatz hauei aurre egiteko dauden baliabide sozio-sanitarioen berri izan eta baloratzea.

 

Ikastaroa

Ikastaroa presentzial eta online eskaintzen da. Halere, hizlari gehienak bertan izatea aurreikusten da, Mexikotik hitz egitekoa dena izan ezik. Bi egunetan zehar hiru eratako saioak tartekatuko dira, aurkezpen eta amaiera ekitaldiaren artean: hitzaldi magistralak (40na minutu inguru), kasu eta esperientzien aurkezpenak (20na minutu inguru) eta galderak adituari izeneko bi saio (60na minutu inguru). Saio bakoitzaren ondoren denbora-tarte labur bat aurreikusten da galdera eta argibideetarako. Tarte horiez gain egunean zehar galderak jasoko dira, ortziraleko eta larunbateko amaierako saioko adituei luzatuko zaizkienak.

Ikastaroan euskarazko eta gaztelaniazko hitzaldiak daude eta aldibereko gaztelania-euskarara zein euskara-gaztelania itzulpen zerbitzua eskainiko da. Parte-hartzaileek aukera izango dute beren mugikorrak eta entzungailuak baliatuta zerbitzu hori erabiltzeko. Antolatzaileek entzungailuren bat eskaini ahal izatea aurreikusten dute, baina ez haien beharra izan dezekten guztientzat nahikoa izatea. Hori dela eta, itzulpen-zerbitzuaren beharra aurre-ikusten duten ikasleek beren mugikorra eta entzungailuak ekartzea aholkatzen da.

Hitzaldietan zehar erakutsiko diren testu idatziak, hizlariak aurkezpenerako aukeratu duen hizkuntzan egongo dira idatzita. Antolatzaileak material idatziak plataforman ikasleentzat eskuragarri egon daitezen ahaleginduko dira, aldez aurretik eta bi hizkuntzetan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun