Nafarroako Organorako Musika Zikloaren 38. edizioa Bera eta Etxalarrera ailegatuko da aurten

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 9a, 12:00
Marisol Martinez, Programa Artistiko eta Zabalkunde ataleko burua; Jose Luis Etxetxipia, programaren zuzendari artistikoa; Ignacio Apeztegia, Kulturako zuzendari nagusia eta Luis DurĂ¡n, Tuterako Katedralaren Lagunen Elkarteko kide

‘Gure herriak ezagutzen’ goiburuarekin, irailaren 16tik urriaren 22ra bitartean eginen den programan zortzi kontzertu eskainiko dira zazpi herritan

Nafarroako Organorako Musika Zikloak, Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatuta, 38. edizioa ospatzeko, zortzi kontzertu eskainiko ditu zazpi herritan, eta horien artean, narrazioa, bakarlariak eta inprobisazioa izanen duten saioak egonen dira. ‘Gure herriak ezagutzen’ goiburuarekin, programa Iruña, Gares, Oteiza, Bera, Esa, Etxalar eta Tuterara iritsiko da irailaren 16tik urriaren 22ra bitartean.

Zikloaren programazioaren aurkezpenean parte hartu zuten atzo Vianako Printzea Erakundea – Kulturako zuzendari nagusia den Ignacio Apeztegiak, programaren zuzendari artistiko Jose Luis Etxetxipiak eta Programa Artistikoak eta Hedapena Ataleko burua den Marisol Martinezek.

Apeztegiak nabarmendu du zikloak “organoa zabaldu nahi duela instrumentu sofistikatu gisa, musikaren munduan industria-ingeniaritzako obra handia izanik, giza ondareari eta organisten ondareari balioa ematearekin batera, ezinbestekoak izateagatik eta Nafarroan, lehen mailakoak”.

 

Herrietako irudien emanaldia kontzertuetan zehar

Bertzalde, Etxetxipiak adierazi du aurtengo musika-programazioak “aukera emango digula musika eta giroak norbera bere buruarekin topatzen eta beste musika eta errealitate batzuetara irekitzen lagunduko duen testuinguruan murgiltzeko, gure eguneroko bizitzan nagusi direnetatik kanpo”.

Halaber, berrikuntza eta “esperientzia aitzindari” moduan nabarmendu nahi izan du aurten musikari irudiak jarriko zaizkiola organista interpretatzen ari den bitartean. “Soinu-banda bat sortzearen alderantzizko prozesua jarraitu nahi da, musika aldez aurretik jada hautatutako irudien gainean konposatuz”, azaldu du. Irudiak kontzertuak egiten ari diren herrietako txokoak eta gertaerak izanen dira; alegia, “gure herrietako irudiak gure organoen musikaren gainean”, Etxetxipiaren arabera.

Zikloa Iruñean hasiko da Saskia Roures eta Kristina Berasain artistekin, irailaren 16an, 19:00etan, Aita Karmeldar Oinutsen komentuan. Kontzertuan omenaldia eginen zaio Cesar Franck organista eta konpositore belgikarrari, 1822an jaio eta bigarren mendeurrenean. Saioan, Rouresek interpretatutako musika eta Francken musikari garaikideen hainbat testu konbinatuko dira, Berasainek errezitatuta.

Irailaren 17an, larunbata, 18:00etan, Garesko Gurutzefika elizan, Cristina Alisen Erdi Aroko organo eramailea izanen da; hots, Erdi Aroko hainbat fasetan organogintzaren egoeraren testigantza, mistika edo maitasun adeitsua bezalako gaiekin.

Hilaren 24an, larunbata, berriz, Raul del Toro arituko da 18:00etan, Oteizako San Migel elizan. Cayetano Estadellaren enpresan kontserbatutako organoetako batean joko du, 1923koan.

 

Beran irailaren 30ean

Irailaren azkeneko kontzertua Oscar Candendok emanen du, ortziralean, hilaren 30ean, 19:00etan, Berako San Esteban elizan. XIX. eta XX. mende arteko bi musika-figuraren elkarketaz gozatu ahal izanen da: Eduardo Torres eta Aquilino Amezua.

Urriaren 2an, igandea, 12:45ean, Leireko Monasterioan izanen da Naji Hakim organista, konpositore eta irakaslearen kontzertua, “hagitz ezaguna mundu osoan” eta Olivier Messiaenen ondorengoa Trinitéren organistian, Parisen, antolakuntzak adierazi duenez.

 

Etxalarren urriaren 8an, Eduardo Torres eta Pello Apezetexearen inguruan

Benantzi Bilbaok Etxalarko Santa Maria elizan joko du urriaren 8an, larunbata, 19:00etan. Kulturako bi irudi handi izanen ditu oinarri: Sevillako katedraleko  konpositore eta kapera-maisua den Eduardo Torres, eta etnologoa, etnografoa, Ttipi-Ttapa Fundazioko presidente eta Euskaltzaindiako ohorezko kidea zen Pello Apezetxea, hainbat hamarkadatan Etxalarko erretore izan zena eta hil berria.

Urriaren 14an, ortziralea, 18:00etan, Iruñeko San Nikolas elizan, Alvaro Landak joko du organoa, eta harekin batera izanen da Javier Jaso bakarlaria. Elkarrekin eskainiko dute Europako barrokoan zehar egingo duten ibilbide zabala, elizako organoaren bitartez; “hiriko instrumentu enblematikoetako bat, organo-zikloan ohikoa dena aspaldiko urteetan”, antolakuntzak adierazitakoaren arabera.

Programa urriaren 22an, larunbata, bukatuko da 19:30ean, Tuterako Santa Maria katedralean. Bertan, tenpluko organoaren baliabideak aurkeztuko ditu Jose Luis Etxetxipiak, Jorge Garcia Martinek organoan eginen dituen inprobisazioekin batera.

Kontzertuetarako sarrera doakoa da plaza-kopurua bete arte, eta ordu-erdi lehenago hasita sartu ahal izanen da. Navarra Televisionek kontzertuen laburpena emanen du urriaren 8an eta 29an.

 

Organorako Musika Zikloaren jatorria

Nafarroako Organorako Musika Zikloak 1984. urtean hasi zuen ibilbidea, Espainia osoan jarduera eta kezka kultural handiko garaian, baita Nafarroan ere. ANAO-ren (Organoaren Lagunen Nafarroako Elkartea) eskutik egin zuen, eta laster lortu zuen Nafarroako Gobernuaren babes instituzionala.

Urte batzuk geroago, Kultura Departamentuak bere gain hartu zuen jaialdi hau. "Urteetan zehar, programa ospatzen eta Nafarroan hain garrantzitsua den kulturaren aldeko apustua egiten jarraitu da, bai historiaren ikuspegitik, bai ondarearen ikuspegitik", azaldu du zikloaren zuzendariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun