Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan egindako Bost teilatu filma ikusgai izanen da Lesakako Harriondoa kultur etxean, 19:00etan, doan. 15 urtetik goitikoentzako emanaldia izanen da. Filma osatzen duten bortz film laburretako bat, Muga, Berako eta Lesakako udalen laguntzarekin grabatu da eta honen zuzendariak, Eñaut Castagnet-ek solasaldia eskainiko du filmaren ondotik.
Bortz teilaturen azpian jasotako bost istorio labur biltzen ditu filmak. Nork bere etxean Krak egin duten Ane eta Mirenen dolua (Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak zuzendua); Ekaitz gazteak eta Inaxio edadetuak baserrian bizi duten katarsiak emandako Arnasa (Raul Barrerasek zuzendua); Michelle paristarrak jaioterrira itzultzean deskubrituko dituen Hitzak eta nortasunaren gaineko galderak (Josu Martinezek zuzendua; paketea dagokion teilatupera eramateko Erlojupekoa lehiatzen duen mezularia (Leire Egañak zuzendua) eta, azkenik, tentsioz eta arriskuz betetako Muga inguruan, babestuko duen teilatu baten bila dabilen Kamaru gazte afrikarraren ezinegona (Eñaut Castagnet-ek zuzendua).