Andrea Irazoki Guimon

«Zientzian lana, lana, eta lana egiteak ez dizu deus bermatzen»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 10a, 09:00

Genetikan graduatua eta biomedikuntzan doktorea da Andrea Irazoki Guimon ikerlari beratarra, eta ikasketak Bartzelonan egin ondotik Danimarkan lanean ari da minbiziaren inguruko ikerketan

17 urte zituela sorterria utzi, eta Bartzelonarako bidea hartu zuen Andrea Irazoki Guimon zientzialari beratarrak. Genetika ikasketak egin zituen  lehenik bertan, eta masterra eta doktoretza egin ondotik hilabete batzuk daramatza Kopenhagen (Danimarkan) ikerlari gisa. Denboraldi batez atzerrira joateko «gogoz» bazen ere, argi dio «hemen baloratzen ez dutelako» hartu duela joateko erabakia. Bertzeak bertze bere ikerketa lanaz, ikerlari gazteen prekarietateaz, emakumeek zientzian duten paperaz eta doktoretza egiteko prozesuaz solastatu da TTIPI-TTAPArekin.

Nondik heldu zaizu zientziarekiko interesa? 

Txikitatik heldu zait. Betidanik animaliekiko eta landareekiko interes izugarria nuen. Nire ama medikua da eta aita fisioterapeuta, eta osasun zientzien arloarekin harremana izan dut. Nire kuriositateagatik eta gurasoen lanagatik txikitatik nekien zientzialaria izan nahi nuela, baina, ez nekien zientziaren barruan zer egin. 

DBH eta Batxilergoa Beran egin, eta ondotik Bartzelonara joan zinen Genetika ikasketak egitera. Zergatik deitu zizuten arreta ikasketa horiek? 

Genetika urte hartan sortu zen gradu berria izan zen. Nik bioteknologia egiteko intentzioa nuen eta erabakiarekin kontent nintzen. Baina, bat-batean genetikaren berri izan nuen, eta burura etorri zitzaidana izan zen Mendelen teoria. Nik hori izugarri maite nuen: zelulen DNA aztertzea eta... Orduan pentsatu nuen baldin bazegoen gradu bat hori bakarrik landuko zuena nik hori ikasi nahi nuela. 

Nola oroitzen dituzu urte horiek? 

Gradua ikasten ari nintzenean ez nuen zuzenean zientziarik egin, baina Erasmusa egitera Eskoziara joan nintzen, eta han praktikak egiten hasi nintzen. Uda hartan dagoeneko praktikak eginak nituen Donostia Ospitalean, eta muturra zientzian pixkanaka sartzen hasia nintzen. Baina, Donostian egindakoak hagitz teknikoak ziren, eta Eskozian laborategian praktikak egiten hasi nintzenean proiektuekin hasi nintzen: hipotesiekin lanean, horiek betetzeko teknikak aztertzen.... Bertako laborategiko burua hagitz gaztea eta hurbila zen, eta uste dut berari esker aunitz ikasi nuela eta jarraitzeko motibazio eman zidala. Nik banekien Espainian nire aukerak hagitz murriztuak zirela, baina, hala ere gogotsu nengoen eta segitu nuen. Oroitzapen polita dut. 

Ondotik masterra eta doktoretza egin zenituen. Zerk erakarri zituen horretarako? 

Eskoziatik itzultzean Bartzelonara itzuli nintzen, eta masterraren tesia egin nuen laborategian geratu nintzen. Bekak eskatzen hasi nintzen, baina ez zen deus ere agertzen. Pentsatu nuen beharbada atzerrira joan beharko nintzela, han aukera gehiago izanen nuelako. Eta bat-batean, tesia egiteko beka bat eman zidaten Bartzelonako Unibertsitatean eta bertan geratu nintzen. 

«Tesia bukatuta aunitzen zientzia alde batera uzten dute»

«Mitokondrio-dinamika, muskulu-hantura kontrolatzeko ardatza» da zure doktore tesiaren izena. Zer da zehazki ikertutakoa?

Mitokondrioak dira zeluletan energia sortzen duten fabrikak, eta beraz hagitz garrantzitsuak dira zelulen funtzionamenduarentzat. Zelulek ezin badute energiarik sortu, ez dute ongi funtzionatzen eta eritasunak agertu daitezke. Mitokondrioak organulu dinamikoak dira eta dinamika hori beharrezkoa da euren funtzionamendua bermatzeko. Horren barrenean, giharra interesatzen zitzaidan ehuna delako. Gihar zeluletan mitokondrioen dinamika alteratu dut, eta horren ondorioak analizatu ditut. 

Nola?

Alde batetik mitokondrioak bakarrik bereizita mantenduz, eta horietan ikusi nuen zer alterazio zeuden gihar zeluletan eta saguen modeloetan. Dinamika mitokondriala alteratuz giharretan inflamazioa sortzen dela ikusi nuen, eta inflamazio horrek atrofia muskularra eragiten duela.

Etxetik kanpo 10 urte baino gehiago

Oraindik nerabe zela, 17 urte zituela utzi zuen Bera, bere sorterria Andrea Irazoki Guimonek kanpora ikastera joateko, eta geroztik atzerrian bizi izan  da, Katalunian hasierako urteetan eta Danimarkan gaur egun. 

Etxetik kanpo hamar urte baino gehiago daramatzan honetan argi dio «etxea eta herria faltan botatzeko kanpora atera behar dela». Bartzelonara joan eta hiruzpalau urtera hasi zen herriaren falta somatzen, eta gaur egun «geroz eta gehiago sumatzen dut hori». «Gure ingurua, erlazionatzeko modua, izateko manera, eta batez ere kultura». Horixe  nabarmendu du. 

Hasiera batean behintzat, hiru urterako joan da Danimarkara, baina, etorkizunean etxera itzultzea aukeretako bat dela dio. Eta hain zuzen, hori izan da kanpora joateko arrazoi nagusietako bat ere: kanpoko esperientzia baliatzea, etorkizunean etxetik hurbil lan aukera gehiago izateko. 

Zein izan zen ondorioa?

Nik tesian deskribatu dudana da zuk mitokondrioak alteratzen badituzu beraien dinamikan, horrek inflamazioa sortzen duela, eta inflamazio horrek atrofia muskularra. Horrek ondorio fisiologiko larriak ditu, eta saguetan aztertu dut hori. Inflamazio eta atrofia muskularra duten saguek, sagu osasuntsuekin konparatuta ezin dute hainbertze korrika egin. Baina, inflamazioaren kontrako tratamendua emanez gero, eri daudenek osasuntsu daudenek bezala korrika egiten ahal dutela ikusi nuen. Horrek ondorioztatzen du mitokondrioak giharretan funtzionatzen ez badute, horrek inflamazioa sorrarazten duela, atrofia muskularra garatuz eta funtzionamendu muskularra konprometituz.

Eta zer ondorio praktiko ditu ikertutakoak? 

Epe laburrean guti. Aplikatu daiteke, baina ikerketa hagitz oinarrizkoa da.  Hala ere, mitokondrioak ehun guzietan garrantzitsuak dira eta beraz, eritasun desberdinetan aplika daitezke nire tesiaren aurkikuntzak: neurodegenerazioa dagoen kasuetan ere aplikatu daiteke, alzheimerrean adibidez, baita minbizian ere. Baina, normalean kasu guzti hauetan egoera hagitzez ere konplexuagoa da. Beraz, nahiz eta epe laburrean onura gutxi izan, ikertutakoak aplikazio aunitz izaten ahal ditu, eta epe luzean eritasun desberdinentzako tratamendua aurkitzeko erabili daiteke.

«Erasmusetik bueltan kanpora itzultzeko gogoz gelditu nintzen»

Eta tesia bukatuta, Danimarkara joan zinen, bertan minbiziaren inguruko ikerketa egiteko. Zer da zehazki ikertzen ari zarena? 

Nire espezialitatea da mitokondrioen funtzionamendua giharretan, eta hemen nagoen laborategiko espezialitatea giharrak dira, eta batez ere fisiologia eta ariketa fisikoa. Nire laborategiko ikuskatzailearen interesa da  batez ere  ikustea minbizian gertatzen diren gihar aldaketa guzti horiek nola eragiten duten minbizia duen pertsona horren pronostikoan. Giharrek gure gorputz guztia estaltzen dute, hagitz ehun handiak dira eta zerbaitek eragiten dionean gorputz guztian du ondorioa. Minbizia ez da tumore bat bakarrik, zerbait sistemikoa da, eta alde mitokondrial horri indar gehiago ematen saiatzen gara. Beraiek fisiologoak dira, dena urrunagotik ikusten dute, eta ni genetista naiz eta nire espezialitatea hagitzez zehatzagoa da. Horregatik nago hemen, giharretako funtzionamendu mitokondriala minbiziaren testuinguruan aztertzeko. 

Behin baino gehiagotan aditzen da tesia idazteko prozesua hagitz gogorra izaten dela. Nolakoa izan da zure kasua zehazki?

Bai, tesiak orokorrean hagitz gogorrak dira arrazoi bategatik edo bertzeagatik. Nire kasuan esperientzia polita izan da. Zorte aunitz izan dut laborategiarekin, eta proiektuarekin batez ere. Batzuetan laborategiarekin asmatzen duzu, finantzamendua lortzen duzu, motibatua zaude, baina proiektuak ez du aitzinera egiten. Kasu honetan zortea izan dut, arrisku handiko proiektua zelako, baina, lan eginda eta laguntza jasota, aitzinera atera zelako, eta zuzendariak aunitz lagundu ninduelako. Orokorki hagitz esperientzia ona izan da, nahiz eta momentu gogorrak izan ditudan. Maratoi izugarria da tesia, bukatzen ez dena. Lagun pila bat ditut doktoretza egiten ari direnak edo egin dutenak eta nazkatuta bukatzen dutenak. 

Eta zure kasuan, izan zenuen zientzia uzteko tentaziorik?

Nik ere nekatuta bukatu nuen, baina banuen gogoa aitzinera segitzeko. Inguruan bai sumatu dut aunitzek hagitz nazkatuak bukatu eta zientzia alde batera utzi dutela. Atzera begira jarrita, eta masterra bukatu berri izanda, ez dut uste gaur egun tesia egingo nukeenik. Hala ere, zorionez, nire esperientzia orokorki ona izan da eta horrekin gelditzen naiz. 

Aunitzetan aditu izan dugu hemen ez dela ikerketa behar adina sustatzen, eta kanpora joan bertze erremediorik ez dela izaten. Nolakoa izan da zure kasua? 

Nahiz eta murriztuak izan, gelditzeko aukerak banituen, baina Erasmusetik itzultzean atzerrira joateko txirrintarekin geratu nintzen. Begirada etorkizunean paratuz gero, nire bizitza Espainian,  Katalunian edo Euskal Herrian ikusten dut, nire bizitza pertsonala han dagoelako. Baina etorkizunean zientzian bertan lan egiteko, edo bertako lan aukerak areagotzeko inbertsio hau egin beharra nuen. Bi gauzak elkartu ziren: alde batetik profesionalki etorkizunean aukera gehiago izateko horrelako inbertsio bat egin behar nuela eta kanpora joateko txirrinta nuela. 

Zientziaren barrenean, bekak lortzea izaten da ikerketan segitzeko aukera bakarra. Konpetentzia handia dago zientzialarien artean? 

Zientzialarien artean bai. Beharbada nire izateko moduagatik da, baina, nik ez dut zuzenean hori sentitzen bertze zientzialari batzuekin, baina, bai solastatzen dugunean zeinen zaila den beka hauek lortzea, nabaritzen da denak hagitz kezkatuak gaudela batez ere Espainian beka horiek ez dizutelako egonkortasunik ematen. Pena da, belaunaldi oso bat gara graduarekin, masterrarekin, doktoretzarekin, eta doktoretzak eman digun ikasketa guzti horiekin. Hagitz pertsona konstanteak gara, langileak eta tristea da hain aukera gutxi izanda, horrek zientzialarien arteko konpetentzia sortzen duelako. Aukera gehiago egonen balira, hemengo zientzia kolaboratiboagoa izango litzake, eta beraz, hagitzez hobea.

Noren kontrakoa da konpetentzia, orduan? 

Sistemaren kontra, azkenean sisteman sartu behar duzu zientzian segitzeko, eta onartzen ditugu baldintzak, baina, konpetentzia sistemaren kontrakoa da. Saiatzen ari gara gauzak aldatzen, baina, aldaketak poliki-poliki ikusten dira.  Alde horretatik ni kontent nago nik ez dudalako lehiakortasun hori sentitu nire kideekin, baina, bai nire perspektibekin. «Nola lortuko dut nik hau?» Lana, lana eta lana egiten duzu, baina lan guzti horrek ez dizu deus bermatzen. Sistema hobea balitz eta zientziara diru gehiago bideratuko balitz, lan guzi horrek gehiago konpentsatuko luke.

«Ikerketarako bekek ez dute egonkortasunik ematen»

Beken menpe bizitzeak prekarietatea ekarriko du, ezta? 

Bai. Horrelako beka bat ematen dizutenean prestigioa ematen dizu, baina, ematen dizuten dirua, denbora... Hiru edo lau urteko beka bat da, ez da lan kontratu egonkorra; behintzat tesien kasuan. Laborategi bateko ikertzaile nagusia izateko bertzelako beka batzuk daude, eta horiek egonkortasun gehiago eman diezazukete, baina, gaur egun ni nagoen mailan oraintxe bertan hagitz prekarioak dira, batez ere Espainian. Hagitz penagarria da, eta hori zen nire motibazioa kanpora joateko. Hainbertze lan egin eta gero, bertze leku batera joan naiz bertan gehiago apreziatuko eta baloratuko nautelako. 

Dibulgazio lana ere egin izan duzu Fissac aldizkarian adibidez. Garrantzitsua da egiten duzun hori ezagutaraztea? 

Bai, hagitz garrantzitsua. Gobernuak zientziari emango dion dirua jendearen zientziarekiko interesaren menpe dago. Dibulgatzaile zientifikoen helburua da kuriositatea piztea jendearen artean, zientziari buruz gehiago eta zorroztasun gehiagoz solastatzeko, komunikabideetan ere gehiago agertzeko… Jendea zientzian interesatua badago, zientzia interes politiko gisa landuko da. 

Gaztea eta emakumea zara. Nabaritu duzu zure bidea zailagoa izan dela zientzian bertze batzuenarekin konparatuz? 

Bai, baina tesia egin nuen denboran ez. Garai hartan emakume gehiago ezagutu nituen gizonak baino eta 30 urte baino gutxiago dituzten zientzialarien artean ere emakume gehiago gaude gizonak baino. Baina, gero badago hor une bat gizonak nagusitzen direna. Eta hori da batez ere ama izateak arrakala eragiten duelako. Ama izan nahi ez baduzu ere arazo aunitz daude ikertzaile nagusia izateko, baina, gainera, ama izan nahi baduzu eta urte bateko baja hartzen baduzu horrek karrera osoa baldintzatzen ahal dizu. Arrakala hori hagitz nabarmena da, eta hori da nik sumatzen eta ikusten dudana inguruan. Gizonek ez dute horretan pentsatu beharrik ere izaten. 

Zer egiten ahal da horren kontra?  

Zientzia denboraldi baterako uzteak norbere bizitza pertsonalarekin aitzinera segitu nahi duelako ez du erran nahi zientzialari txarra denik, edo interesik ez duenik. Zientziaren sistemak orokorki gauzak erraztu behar ditu. Erraza da erraten, eta zaila egiten. Nik Danimarkan sumatzen dut hori aunitz errespetatzen dutela. Laborategi bateko nagusiak diren emakume gehiago daude bizitza pertsonala eta profesionala errespetatzen eta errazten duen sistema bat dagoelako.

«Ama izateak karrera osoa baldintzatzen du zientzian»

Nabaritu duzu zientzian emakume erreferenteak gero eta ezagunagoak direla? 

Bai, inolako dudarik gabe. Mugimendu solidoa dago orain emakume zientzialariak promozionatzeko, eta izugarri gustatzen zait. Komunikabideetan geroz eta gehiago agertzen gara, Twitterren ere bai… Beka batzuetan adibidez emakumeok lehentasuna dugu. Baina oraindik egiteko gehiago dago. 

Zein dira zure hurrengo erronkak?

Nire hemengo ardurak ahalik eta hobekien bete, eta esperientzia ahalik eta gehien zukutzea, eta pertsonalki ni zientzialari bezala gehiago garatzea, ondotik etxera itzultzean lan aukera gehiago izateko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun