Urruñako Kantauri abesbatzak bi kontzertu eskaini zituen maiatzean Bretainian. Emanaldi horietan urruñarrek eskualdeko hainbat abesbatzetako kideren laguntza izan zuten, eta tartean ziren bederatzi igantziar, Giltzarri abesbatzan parte hartzen dutenak. Bretainian hasitako emanaldi bira horren azken saioa aditzeko aukera Igantziko elizan izanen da orain. Ortziralean, irailaren 9an, 20:00etan dute hitzordua.
Urruñako Kantauri Abesbatza
Kantauri abesbatza 2011n sortu zen Urruñan, Isabel Lakarren zuzendaritzapean. Egoitza Urruñan izanik ere, inguruko hainbat herritarrek osatzen dute abesbatza misto hau. Beraien errepertorioan hainbat motatako obrak lantzen dituzte, hala nola melodia sakroak nahiz profanoak, kantu herrikoiak nahiz tradizionalak, baita garaiko obrak ere.
Taldeak bere 10. urteurrenaren karietara antolatua zuen Bretainiarako bidaia, baina pandemiaren ondorioz asmo hori urte batez gibeleratu behar izan zuten, eta gainera inguruko abesbatzetako kideei laguntza eskatu behar izan zieten. Lakarren ardurapean diren hainbat abesbatzetara jo zuten, tartean Giltzarri edota Elizondoko Abesbatzara, baita bertze koroetan kantari aritzen diren kideengana ere.
Bretainiara bidaia
2021-2022 ikasturte osoa Bretainiako kontzertuak elkarrekin prestatzen aritu ondotik, Urruñako abesbatza eta kantari laguntzaileak maiatz bukaeran abiatu ziren harat bi kontzertu emateko: maiatzaren 27an Saint Albanen eta 28an Pordicen. Kontzertuak eskaintzeaz gainera, partaideek Bretainiako bazterrak ezagutzeko aukera izan zuten. Elkarlan horrek soka luzeagoa ekarri du ondotik. Uztailaren 21ean Urruñako Pausu auzoan eskaini zuten kontzertua, eta 23an Bellocen.
Igantziko kontzertua
Ibilbide honi bukaera emateko eginen dute Igantziko saioa. Abesbatzako ohiko kideekin gure eskualdeko kantariek ere parte hartuko dute, Isabel Lakarren zuzendaritzapean. Bretainiako kontzertuetako errepertorio bera eskainiko dute:
- Agur Mari (Jose M. Ugarte)
- Dostoyno ‘Yest (P. Tchaicovsky)
- Panis Angelicus (Hilarion Eslava)
- Salve Regina (Raquel Andueza)
- Aita Gurea (Francisco Madina)
- Lascia Ch’io Pianga (G. Friedich Haendel / P. Calmelet)
- Canción de Amor (Dante Andreo)
- Izar ederrak (Josu Elberdin)
- Juramento (Miguel Matamoros)
- A tu lado (Javier Busto)
- Gauaren bestaldean (Xabier Barriola)
- Beti Maite (Raimundo Sarriegi)
- Kantauri (Josu Elberdin)