Auzolandegian moldatutako barrakoietara bisita egin dute Etxalarren eta Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 29a, 17:00

Azken bi asteetan Beran eta Etxalarren egindako auzolandegietan garbitutako barrakoietara eta metrailadore-habietara bisita egin dute Nafarroako Gobernuko eta Berako eta Etxalarko udal ordezkariek, eta baita hainbat herritarrek ere. Argazkiak: Nafarroako Gobernua eta Berako Udala. 

Etxalarren eta Berako Suspela auzoan barrakoi bat, eta metrailadore-habia bat konpondu dituzte auzolandegian parte hartzen ari diren 25 gaztek, eta horiek erakusteko garaia izan dute gaur. Auzolandegiaren arduradunek azalpenak eman dituzte, baita, Aitor Elexpuru Berako Alkateak ere, eta gazteek garbitutako guneak ikusteko aukera izan dute bertan parte hartu duten herritarrek. 

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaria eta Javier Remirez  Nafarroako Gobernuko Lehendakariordea eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilaria ere bertan izan dira gaur goizean azken bi asteetan auzolandegian garbitutako ondarea ikusten. Ollok nabarmendu du «garrantzitsua» dela gazteek bertan bizi izandako «izua eta basakeria» ezagutzea Nafarroa «bidezkoagoa, etikoagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko».

Bisita horiekin batera, Berako Argaitzeko harrobian fusilatutako herritarrak omentzeko ekitaldia egin du Berako Udalak. Aitor Elexpuruk bertan gertatua oroitu du, eta Ana Ollok ere hartu du hitza. Lore eskaintza egin dute, eta hiru dantzarik aurreskua dantzatu dute. Herritarrez gain, fusilatutakoen senitartekoak gonbidatu dituzte omenaldira. 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun