Azken urteotan bezala, artilea biltzeko edukiontzia paratu du Bortzirietako mankomunitateak Alkaiagako garbigunean. Maiatzaren 1etik Bortzirietako erabiltzaileen eskura egon da, eta mankomunitateak ohar bidez jakinarazi duenez «jende aunitz bildu da hilabete hauetan artilea ekartzera. Guztira, 20 tona inguru bildu dira, 2021ean baino %24 gehiago».
Adierazi duenez, irailaren 1ean eginen du artilearekin denboraldi honetako azken bidaia, «edukiontzia bertze hondakin batzuetarako libre izateko», eta horregatik eskatu dute asteazkenerako eramateko.
Bide batez, mankomunitateak eskerrak eman nahi izan dizkie «garbigunera artilea uztera hurbildu diren abeltzain guztiei, baita egunero bertze hondakin mota batzuekin joaten diren gainerako pertsonei ere; izan ere, horrela, Mankomunitateak behar bezala kudeatzen ahal ditu, eta birziklatu edo berrerabiliko diren plantetara eraman».