Sarako Ezkexako kideek Xabi Tapia Urruñako artistarekin batera mural bat margotu dute Larungo Kaiolan, Larhunen. Auzolanean egindako lana da, hainbat lagun izan ziren laguntzen eta bertzeak bertze, Patxi Etxart azkaindarrak muntatu zituen aldamioak. Ekainaren hasmentan hasi zuten lana eta euriarekin etenaldiak egin behar bazituzten ere, uztailerako prest zegoen.
Marrazkian euskal ikonografia eta pop artea nahasten dute, Ezkexak egin ohi duen estiloan, eta Ikusi Mendizaleak abestiko Hemen mendi tontorrean, euskal lurren artean, begiak zabaldurik, bihotza erretan esaldia ere idatzi dute.