Etxalarren eta Beran moldatutako barrakoiak ikusteko bisita, eta fusilatuei omenaldia eginen dituzte astelehenean

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 26a, 13:00

Abuztuaren 15ean hasi eta 30era bitartean, Beran kokatutako barrakoi-sail bat eta Etxalarren kokatutako metrailadore-habia bat berreskuratu eta dokumentatzeko lanean aritu dira 18 eta 27 urte bitarteko 24 gazte. Auzolandegian garbitutako eremuak ikusi, eta jendeari erakusteko asmoz bi leku horietara bisita antolatu dute astelehenerako, abuztuaren 29rako

11:00etan Etxalarren egin dute hitzordua eta bertan Lizarietako gainean konpondutako metrailadora-habia erakutsiko dute. 

Ondotik, Berara joanen dira, eta  Agerran dagoen Argaitzeko harrobian fusilatutakoen senitartekoei omenaldia eskainiko diete. Argaitzeko harrobian 1936ko irailetik azarora bitartean 130 disidente politiko baino gehiago fusilatu zituzten, gehienak Donostiako Ondarretako kartzelatik ateratakoak. Omenaldira fusilatutakoen senitartekoak gonbidatu dituzte. 

Omenaldiaren ondotik, 13:00etan Berako Suspela auzoan konpondu duten barrakoira joanen dira, eta bertan egindako lanak erakutsiko dituzte. 

Omenaldia eta bisita herritar guztiei irekiak dira. Gainera, bi horietan parte hartuko dute bertzeak bertze bi herrietako agintariek, Nafarroako Memoriaren Institutuko ordezkariek eta baita Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako Kontseilariak eta Javier Remirez  Nafarroako Gobernuko Lehendakariordeak eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilariak. 

Azken egunetan berritutako egitura horiek guztiak Pirinioen Defentsarako Erakundean kokatuta daude, Francoren diktadurak bultzatutako proiektu zabal bat da hori, Pirinio guztietan zehar Espainiako muga frankoa milaka bunkerrekin gotortu nahi zuena, Kantauriko kostaldetik Mediterraneoraino. Pirinioetako gotortze lanak 1939ean hasi eta 50eko hamarkadara arte luzatu ziren, eta eraikitzeko Langileen Batailoietan kokatutako eskulan behartua eta ondotik ordezko soldaduak erabili zituzten, faseen arabera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun