Iazko bidea jarraituta, aurtengo udan ere bista gidatuak eskaini ditu Lesakako Turismo Bulegoak. Uztaila hondarrean eta abuztuan egin dituzte bisitak eta asteburu honetakoak izanen dira azkenak.
Larunbatean, aurtengo berrikuntza den Lesaka: pelikulen eszenatoki bisita eginen dute. Bi orduko ibilbidea da eta Lesakan filmatu diren pelikulen azalpenak emanen dituzte bertan: El Cantor de México, Campanadas a Medianoche, La Fuga de Segovia, El guardián invisible edo Akelarre, bertzeak bertze. Lesakako txokoak pelikula hauetan nola azaldu ziren ikusteko aukera izanen dute bisitariek, baita, Orson Welles edo Luis Mariano bezalako aktore eta zinemagileen larruan sartzeko ere.
Igandean aldiz, Lesaka: gure kulturaren sorterria bisita eskainiko dute. Ordubete inguruko paseo bat izanen da, eta bertan Lesakako arkitektura, tradizioak, historia... azalduko dituzte.
Bi bisita gidatuak free tour moduan eskainiko dira eta hasiera-puntua Harriondoa Kultur Etxean, Lesakako turismo bulegoan izanen dute. Euskaraz eta gazteleraz egiteko aukera eskainiko da eta 30 pertsona izanen da kopuru maximoa bisita bakoitzeko. Lesakako udalak aitzinetik erreserba egitea gomendatzen du. Hau teknikaria1@lesaka.eus helbidera e-Posta bat bidaliz edo 662 64 81 81 telefonora deituz edo whatsapp bat bidaliz egin daiteke.