Lesakako Musika Eskolan matrikulatzeko epea irekiko dute abuztuaren 29tik irailaren 2ra

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 25a, 09:00

Lesakako Musika Eskolako ikasleak emanaldi batean.

Ekainean ireki zuten lehen epea, eta heldu den astean irekiko dute bigarrena, astelehenetik ortziralera, abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean egonen da irekia. 

Eskusoinua, klarinetea, flauta, gitarra, gitarra elektrikoa, pianoa, tronpeta, tronboia, txistua, trikitixa, saxofoia, perkusioa, abesbatza, banda, musika eta mugimendua, musika hizkuntza eta ganbara musika eskaintzen ditu Lesakako Musika Eskolak.

Horretaz gain, 13 urte baino zaharragoek, solfeorik gabe musika tresnaren bat jotzeko aukera ere badute. Azkenik, oinarrizko musika ikasketak dituzten 13 urtetik goitiko ikasleek, Gazte eta Helduen Musika Taldeak ikasgaian izena ematen ahalko dute. Bertan, norberaren bakarkako lanaz gain, bertze lagunekin talde lanean ikasteko eta disfrutatzeko modua izanen dute. Honetaz gain, harmonia, tresna herrikoiak eta teklatua ere ikas daitezke.

Izen-ematea herriko etxeko bulegoan egin daiteke, 08:00etatik 15:00etara eta internetez, www.lesaka.eus webgunean. Informazio gehiago herriko etxean (948 63 70 05), kultur bulegoan (948 63 80 07) eta internetez www.lesaka.eus webgunean jaso daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun