Uda giroa

Arantza Rockek izan duen erantzunarekin «hagitz gustura» gelditu da gazte asanblada

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 23a, 19:00

Modus Operandi taldea larunbatean Arantza Rocken.

Arantzako Gazte Asanbladak antolatuta, Arantza Rock jaialdiaren 25. edizioa egin zuten larunbatean. Eta Jaione Macicior Arantzako Gazte Asanbladako kideak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, aurtengo edizioa «denontzat berezia» izan da, «bereziki guretzat, baina baita herritarrentzat ere». Kontent gelditu dira erantzunarekin: «plaza eta txosna inguruan hainbat adinetako jendea elkartzeko aukera izan zelako eta garrantzitsuena, zuzeneko euskal musikak indarra duela ikusi genuelako».

«Adin guzietako herritarrak kontuan hartzeko» asmoz, arratsaldean haurrentzako jokoak egin  zituzten, eta Maciciorren hitzetan, «herriko ttikienek ere hagitz ongi pasatu zuten». 19:00 aldera Matraka elektrotxarangaren txanda izan zen: «jende mordoxka bildu zen, bai kanpokoa baita herrikoa ere, eta herriko karrikak alaitu genituen», adierazi du Arantzako gazteak.

Afalondoan segitu zuen bestak. Modus Operandi, Janus Lester, Kinada eta Patxuko Nice taldeak igo ziren kiosko gainera, eta nabarmendu duenez, «lau taldeek herriko plazan ikaragarrizko giroa jarri zuten eta plaza betea egon zen».

Janus Lesterreko taldekideak.

Patxuko Niceko kideak Arantzako kiosko gainean.

Hori horrela, aurtengo Arantza Rockek izan duen erantzunarekin «hagitz gustura» gelditu direla adierazi du Maciciorrek eta bide batez, «eskerrak eman» nahi izan dizkie «agertu zineten guztiei!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun