Diru truke migratzaileei muga pasatzen laguntzea leporatuta hiru pertsona atxilotu dituzte, horietako bat Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 21a, 08:00

Guardia Zibilaren eta Polizia frantsesaren agenteak Beran etxe bat miatzen. Argazkia: Guardia Zibila.

Guardia Zibilak eta Polizia frantsesak elkarlanean ‘Trolley’ izeneko operazioaren baitan, hiru pertsona atzeman dituzte eta Beran etxe bat miatu dute. Bertan, bi telefono mugikor, bi ordenagailu eramangarri eta GPS nabigatzaile bat konfiskatu dituzte. Ikerketa-unitateek aztertuko dute horien edukia.

Gobernu espainolaren EAEko ordezkaritzak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, Gipuzkoan eta Nafarroan pertsona bana atxilotu ditu Guardia Zibilak eta hirugarren bat mugaz bertzalde atzeman du Polizia frantsesak. Barne Ministerio espainiarrak jakitera eman duenez, atxilotutakoek 40 bat bidaia egin dituzte mugaren alde batetik bertzera azken lau hilabeteotan, bidaia bakoitzean hiru edo lau lagun eramanez.

Betiere aipatutako iturriak zabaldutako informazioa arabera, orain desegindakotzat jo duten ustezko erakundeko kideek Afrikako iparraldetik eta mendebaldetik Iberiar Penintsulara iritsitako migratzaileekin jartzen ziren harremanetan, eta muga zeharkatzen laguntzen zieten, horretarako baldintza eta prezioak ezarriz.

Guardia Zibilak adierazi duenez, muga pasa aitzinetik «ibilgailu-etxebizitza» batean ezkutatzen zituzten pertsona horiek, eta bideari ekindakoan segurtasun neurriak hartzen zituzten Poliziak harrapa ez zitzan.

Behin muga igarota, pertsona horiek Hendaia, Baiona eta Bordelera eramaten zituzten nagusiki.

Auzia eta atxilotutakoak Iruñeko Instrukzioko 5. Epaitegiaren esku utzi ditu Guardia Zibilak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun