Bera eta Etxalar inguruko barrakoiak berreskuratzeko boluntariotza lanetan arituko dira abuztuan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 20a, 11:00

Suspela inguruko hainbat barrakoi eta metrailadore-habia bat berreskuratzen ari dira aurten

Abuztuaren 15etik 30era bitartean, Bera eta Etxalar artean, Pirinioetako gotorlekuari dagozkion bunkerrak eta egiturak berreskuratzeko boluntariotza lanak egiten ari dira. Parte-hartzaileak 18 eta 27 urte bitarteko 24 gazte dira, estatuko hainbat autonomia-erkidegotakoak (Murtzia, Valentziako Erkidegoa, Gaztela Mantxa, Gaztela eta Leon, Katalunia, Aragoi, Madril, Extremadura eta Nafarroa), baita hainbat herrialdetakoak ere (Mexiko, Turkia, Italia eta Frantzia).

Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolatu du proiektua, Memoriaren Institutuaren bitartez. Aurtengo kanpainak 2017an hasitako lanari jarraipena ematen dio, eta 2020an ailegatu zen Berara, Peñarratako behatokia eta Kataliñeneako kanpalekua egokituta.

Aurten Suspela inguruan kokatutako barrakoi-sail bat berreskuratzen ari dira, Beratik kilometro bat ekialdera, baita metrailadore-habia bat ere Etxalarretik gertu. Egitura horiek guztiak Pirinioen Defentsarako Erakundean kokatzen dira, Francoren diktadurak bultzatutako proiektu zabal bat, Pirinio guztietan zehar Espainiako muga frankoa milaka bunkerrekin gotortu nahi zuena, Kantauriko kostaldetik Mediterraneoraino. Pirinioetako gotortze lanak 1939ean hasi eta 50eko hamarkadara arte luzatu ziren, eta eraikitzeko Langileen Batailoietan kokatutako eskulan behartua eta ondoren ordezko soldaduak erabili zen, faseen arabera.

Egitura hauek berreskuratzeak horiek ikusaraztea du helburu, testuinguru historikoan kokatuz, eta bereziki, eraikuntzan parte hartu behar izan zuten pertsonen testuinguruan. Memoria espazio gisa txertatu nahi da, interesa duten pertsona guztiek ezagutu eta bisita egin ahal izan ditzaten.

Boluntariotza-eremuan parte hartzen duten “Memoria duten gazteak” taldearekin, goizetan egiten den berreskuratze-lanaz gain, hainbat bisita eta jarduera egiten dira Baztan eta Bortzirien inguruan, ingurunea ezagutzeko eta, aldi berean, frankismoaren gerraosteko eta diktadurako garai ilunaz jabetzeko, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak bezalako balio garrantzitsuei buruzko gogoeta eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun