Herriz herri txapelketako hirugarren jardunaldia abuztuaren 15ean jokatuko dute Etxalarren

Elizondon eta Beran (argazkian) jokatuko dituzte txapelketa honetako lehen bi jardunaldiak. Hirugarrena Etxalarren eginen dute astelehenean.

Astelehenean 18:00etan Araxes, Basaburua eta Sunbilla izanen dira aurrez aurre.

Talde nahikorik ez zelako Nafarroako Herri Kirol Federazioak 2018tik ezin izan du Herriz Herri txapelketa antolatu. Aurten, berriz, bi kategoriatan banatu behar izan dute, absolutua eta 21 urtez azpikoa. Bietan ari dira eskualdeko taldeak eta Elizondo eta Berako lehen bi jardunaldien ondotik, hirugarrena ere eskualdean eginen dute: abuztuaren 15ean, astelehenean 18:00etan Etxalarko frontoian. Araxes, Basaburua eta Sunbilla ariko dira maila nagusian. 21 urtez beheitikoak ez dira ariko.


Egin beharreko lanak

Maila absolutuko txapelketan bi proba konbinatu izanen dituzte. Lehen proba konbinatua mistoa izanen da eta lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, korrika eta arpanarekin aritu beharko dute. Jardunaldi bakoitzean guttienez arpanlari bat eta korrikalari bat emakumezkoa izan beharko du. Aizkolaria gizonezkoa bada, ezin du lehen mailakoa izan. Jardunaldiren batean emakumezko aizkolari bat aritu behar badu, aitzineko astelehenean Federazioari jakinarazi beharko dio taldeak, egurra txikiagoa eskatzeko.

Bigarren proba konbinatuan bi kirol izanen dituzte, txinga-eramatea eta ingude altxatzea. Emakumezkoen parte hartzea libre uzten da. Txinga-eramaten gizonezkoek 50 kiloko txingekin lehiatu beharko dute eta emakumezkoek 25 kilokoekin, sei plaza ahalik eta azkarren egiten. Ingudeak, berriz, 18 kilokoak izanen dira gizonezkoetan eta 9 kilokoak emakumezkoetan, minutu bateko lanetan biak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun