Nafarroako emakumeen lokotx biltze eta gizonezkoen bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko dituzte larunbatean Arantzan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 10a, 18:00
2019an Elizondon jokatu zen lokotx biltze txapelketan Maika Ariztegi suertatu zen Nafarroako txapeldun.

Nafarroako Herri Kirol Federazioak eta Arantzako udalak, Arantzako besten barrenean herri kirol jaialdi ederra antolatu dute abuztuaren 13an, larunbatean 17:00etan Arantzako pilotalekuan. Nafarroako emakumezkoen lokotx biltze txapelketa bertan erabakiko da eta gizonezkoen bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa ere jokatuko dute.

Nafarroako emakumezkoen lokotx biltze txapelketan hiru kirolari lehiatuko dira: Eltsoko Ainhoa Iraizoz, Berako Ainhoa Etxegarai eta Iturengo Maika Ariztegi. Berrogeita hamarna lokotx bildu beharko dituzte.

Nafarroako gizonezkoen bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketari dagokionez, hamaika aizkolari ariko dira lehian, bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat nork lehenago moztu. Irailaren 18an Uharten jokatuko den finalerako bortz txartel izanen dituzte jokoan. Zubietako Mikel Indakotxea eta Patxi Mindegia, Beintza-Labaiengo Jon Telletxea eta Jesus Etxeberria eta Berako Oier Larretxea izanen dira eskualdeko aizkolariak eta beraiekin batera, Iban Resano, Xuban Kañamares, Goizeder Belza, Emilio Garcia, Iker Gorriti eta Josu Santamaria ere lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun