Ez beti, baina urte aunitzez, «herriko bestetan eta Arantza Rocken» jarri izan du arreta gazte asanbladak. Aurten, ordea, bertzelako ekitaldiak ere antolatu ditu, «eta harrera ona ikusi dugunez, beharbada gure dinamika aldatuko dugu». Pilota eta frontenis txapelketak dira horren adibide; «espero genuena baino harrera hobea izan dute». Aurrekontuari aurre egiteko lagungarri izan dira, «nahiko justu» ibiltzen direlako. Baina diru iturri izateaz gain, «polita izan da herriko haur, gazte nahiz helduak elkartzea; herriari hurbiltasuna ematen dio. Arantza bezalako herri ttikietan haur nahiz gazteentzat ez dira gauza aunitz izaten, eta noizbehinka zerbait diferentea antolatzeak herriari bizia ematen dio».Baina dudarik gabe, bi urteko geldialdiaren ondotik, abuztuaren 20an eginen duten Arantza Rock jaialdia dute bereziki begiz joa. «Urte hasieratik» dabiltza bueltaka. Aitortu du «hasieran martxan jartzea nahiko zaila» izan zela, «bi urtez beteranoek gazte asanblada utzi baitute eta berriak sartu, eta esperientzia duten gutti gelditu dira». Hala ere, alde ona bilatu dio: «Ideia berri gehiago izateko aukera dugu!».
Arantza Rockek 25. urteurrena
Ekain hondarrean jakinarazi zituzten aurtengo taldeen izenak: «Ekitaldia 19:30-20:00 aldera hasiko da, Matraka elektrotxarangarekin eta 22:30ean kontzertuak hasiko dira: Janus Lester, Patxuko Nice, Modus Operandi eta Kinada». Bide batez, hurbiltzeko gonbitea egin du; «Bortzirietan Bestabusa ibiliko da. Beraz, garraioa ez da aitzakia!». Halere, aurtengo Arantza Rockek, badu bertze berezitasun bat: 25. urteurrena du. Alde horretatik, «guretzat bederen berezia» izanen dela aipatu du, «eta bertzeentzat hala izaten saiatu gara. Bertzelako ekitaldiak antolatu eta kamisetak egin ditugu, aurtengo edizio berezia dela iruditzen zaigu eta». Ez hori bakarrik, «bi urteren ondotik, denok gogoz gaude eta horrek ere bereziagoa egiten du». Hortik haratago, «horrelako egunak herritarren eta kasu honetan gazteen borondatez egiten direla» oroitarazi nahi izan du. Hortaz, «denon artean lan eginez gero» hobe. «Argi dago zuzeneko musikak ez duela lehen zuen indarra, baina kontzertuak, txosna, gazteon borondatea... sustatuz eta baloratuz gero, horrelako ohiturek segi dezakete. Nori ez zaizkio horrelako bestak gustatzen?» .