Antolaketa lanak burutzeko lantaldea osatzen bada, beti bezala, iraileko azken igandean eginen da ibilaldia, irailaren 25ean, hain zuzen ere. Eskualdean antolatzen den mota honetako kirol probarik zaharrena da. Aitzinera ateratzen bada, 28. edizioa izanen da aurtengoa.
Lan egiteko moduan aldaketak
Azken edizioetako lan egiteko modua erabat aldatu nahi du Gure Txokoako txirrindularitza sailak, lantalde egonkor bat osatuz. Horrelako kirol proba bat antolatzeak, lan handia dakar berekin eta ezin da lagun bakar baten eskuetan utzi ardura guztia. Egin behar diren lanak, ez dira ekitaldia antolatzen den egunera mugatzen eta aitzinetik lan aunitz egin behar dira. Beraz, bada zer egin eta hobe batzuen artean egiten bada.
Txirrindularitza sailak garbi utzi nahi du, deialdi honen ondoren taldea osatzen ez bada, ibiladia bertan behera geldituko dela. Gainera, gaur egun elkarteko txirrindularitza arduradun direnek, beraien karguak uzteko asmoa adierazi dute, baina inor animatu ez denez, aurtengo errepideko bi lasterketen (Errandonea Memoriala eta Berako Saria) antolakuntzarekin segitu dute.
Horregatik guztiagatik, «ibilaldi hau desagertzea nahi ez baduzu, agertu bilerara eta arduratu zereginen batez», dio Gure Txokoak.