Paraninfo Trioren eskutik akordeoi kontzertua izanen dute igandean Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 5a, 15:00
Paraninfo Trío taldeak igandeko meza ondotik eskainiko du emanaldia Etxalako elizan,

Igandean 12:45ean elizan eskainiko dute emanaldia, meza ondotik.

Uztailaren 25ean, joan den astelehenean, uda Etxalarren pasatzera etorria den Oliver del Val akordeoilariak kontzertua eskaini zuen Etxalarko elizan. Bigarren akordeoi saio bat ere emanen du, oraingoan Paraninfo Trío bere taldearekin. Kontzertu hori abuztuaren 7an izanen da, igandeko meza ondotik, 12:45 aldera. Taldeko musikariak Oliver Del Val, Julen Murga eta Alejandro Arbues dira eta kontzerturako sarrera doan izanen da.

«Akordeoiak daukan potentziala bistara atera nahi dugu»

Akordeoiak daukan potentzial guztia bistara atera nahi duen hirukotea da Paraninfo Trio, «bai bakarka jotzeko, baita taldeka ere». Hiru musikariek Aragoiko Musika Kontserbatorio Gorenean (CSMA) elkar ezagutu zuten, Ander Telleria irakasle zutela, eta hirukotea osatzea pentsatu zuten. Pentsatu eta egin. Geroztik, hainbat kontzertu eman dituzte akordeoia ezagutzera emateko helburu horrekin eta sariak ere irabaziak dituzte. Tartean, joan den urteko azaroan Ponferradako Aris del Puerto IV. Saria lortu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun