Uda giroa

Aurten ere emakume batek gidatu du Berako San Esteban eguneko Bordondantza

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 3a, 14:00

Ane Eltzaurdia Mentaberri izan da 13 laguneko taldearen (10 emakume eta 3 gizaseme) kapitaina bestetako egun handian

Pandemia aitzineko azken bortz urteetan bezala, Berako San Esteban eguneko Bordondantza eta Makildantza dantzatzen emakumeak ere aritu dira, gizonezkoekin batera. Aurten, gainera, 2019an bezala, neska gehiago izan dira mutilak baino. Dexente gainera: 10 emakumek eta 3 gizasemek dantzatu dute Bordondantza. Eta 2019an bezala, emakume batek gidatu du bestetako dantza nagusia. Orduan Izaskun Agara Martinez izan zen eta aurten Ane Eltzaurdia Mentaberrik hartu dio lekukoa. Lasterka ongi ibiltzeagatik ezagun da Eltzaurdia (urrunago joan gabe, abuztuaren 1eko VIII. Gau Krosean bigarren izan zen), baina dantzan ere ederki moldatzen dela erakutsi du gaur goizean. Ane Eltzaurdiarekin batera, Iraia Gillenea, Mikel Esnaola, Eneritz Zapiain, Saioa Zelaieta, Jon de la Cruz, Izaro Torres, Saioa Irazu, Paula Artieda, Mikel Goienetxe, Kattalin Berasain, Ainhoa Etxegarai eta Izaro Ibarra aritu dira Bordondantzan. 

Gero, plazan, herriko bandera dantzatu du Nahuel Ibarburi zinegotziak, udal ordezkari guztiak inguruan zituela, eta Janire Ibarburi Andueza izan du laguntzaile alabardarekin.

Bandera Herriko Etxera igo ondotik dantzatu dituzte Bordondantza eta Makildantzak eta ondotik, Saioa Alkaiza eta igor Elortza aritu dira bertso kantari plazan, Incansables txaranga zahar etxean eta Ezpelur gaiteroak Ibardinen barna.

Arratsaldeko Aurreskua

Goizeko dantzen ondotik, arratsaldeko Aurreskuaren txanda izanen da. Dantzariek, aurten neska kapitain baten etxean, Alba Lasarteren etxean berendua hartu eta joanen dira plazara. Aurreskuan, Oihan Pikabea eta Nahia Elizagoien izanen dira aitzinesku eta Alba Lasarte eta Oier Larretxea atzesku.

Aitzinesku eta atzeskuekin batera, Eneritz Mariezkurrena eta Josu Igoa, Jone Etxepare eta Julia Artieda, Katti Irastortza eta Kattalin Berasain, Maddi Ordoki eta Enaitz Erkizia, Onintza Zapiain eta Amaiur Goñi, Izaro Torres eta Unai Etxegarai, Ainhoa Etxegarai eta Joel Pikabea eta Irati Lazkanotegi eta Kemen Ruiz ariko dira arratsaldeko dantzetan. Nahia Elizagoienek Oihan Pikabeari dantzatu zion Aurreskua eta Oier Larretxeak Alba Lasarteri.

Dantza saioaren ondotik, Berako Musika bandak ere bere emanaldia eskainiko du eta egunero bezala, dantza herrikoiak izanen dira Altzateko karrikan, Ezpelur gaiteroen laguntzarekin eta musika Toki Onako patioan, Tirry&Tery DJarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun