Aurtengoak gainera, bereziak izanen dira, urtero bestak «gogoz» hartzen baditu ere, bi urteko etenaren ondotik «oraindik gogo gehiagorekin» hartuko baititu.
Herri afariko antolaketarekin hasiko ditu bestak Lasagak. Besta aitzinetik janari eta edari eskariak eginda, eta txartelak salduta, abuztuaren 14an afaria prestatzen hasi aitzinetik, «eguna indartsu hasteko» bazkaria eginen dute antolatzaile denek. Arratsaldean taldetan banatuta, iluntzerako mahaiak eta janaria prestatuko dituzte, eta txupinazora joan ondotik berriz ere itzuliko dira frontoira dena prest uztera. Denera 200 lagun inguru elkartuko direla kontatu du.
Dantza egitea ere tokatuko zaio andremaria egunean. Egun hori gainera, berezia dela dio: «Ttiki-ttikitatik izan naiz dantzaria eta urte aunitzez kanpoan bizi izan naizen arren, ez dut inoiz data horretan huts egin. Berezia da egun horretan plazan izaten den giroa». Aurten ere hartuko du jaialdian parte, adin guztietako bertze 40 dantzarirekin batera, eta Euskal Herri osoko dantzak interpretatuko dituzte.
Horrekin aski ez, eta Etxalarko gazte taldearen parte ere bada, eta, beraz, bestetan gazteek paratzen duten txosnaren antolakuntzaren parte izaki, bertako ostatuan ere pixka bat aritzea egokituko zaio.
Bestak hurbil direla, argi du zein den Etxalarko bestetako egun perfektua: «Lagun eta familia giroan mahai inguru batean elkartu, eta herriak antolatzen dituen ekintzetan disfrutatzea». Aurten ere izanen du horretarako aukerarik eta astirik.