Transbidasoa-Beti Gazte txirrindulari taldeko Luziano Mitxelena Irazoki txirrindulari lesakarrak igandean Coimbran (Portugal) jokatutako UCI Granfondo World Series Coimbra Region 2022 lasterketan bizkorrena izan zen Master 70-74 kategorian. 2 ordu, 55 minutu eta 52 segundo behar izan zituen 104 kilometro luze eta 1.120 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea osatzeko, bigarrena izan zen Manuel Caetanina portugaldarrak baino 5 segundo guttiago. Bien arteko lehia izan zen kategoria honetan, hirugarren izan zen Manuel Pontes portugaldarra ia hamalau minutura helmugaratu baitzen. Gisa honetara, Munduko txapelketan parte hartzeko txartela lortu du Luziano Mitxelenak.
Lasterketan atera ziren adin guztietako 388 txirrindularien artean ere meritu handiko 85. postua lortu zuen Mitxelenak.