Oier Larretxea

«Arropa, lekua... dena berezia izaten da aurreskuan»

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 1a, 15:00

Berako Aurreskua da Oier Larretxearen bestetako unerik bereziena. Argazkia: Nahia Fagoaga

Dantzaria eta aizkolaria da Oier Larretxea beratarra, eta igandean jokatutako Herrri Herri txapelketan parte hartu ondotik, abuztuaren 3an Berako Aurreskuan hartuko du parte kapitain bezala. 

Mendia, kirola eta lagunekin egotea gustuko dituen Berako gazte bat», halaxe  deskribatu du Oier Larretxea beratarrak  bere burua. Baina, hori baino gehiago ere bada: txistularia, dantzaria, aizkolaria... Etxean gelditzen ez dakien horietakoa da, eta, beraz, bestetan ere  aski zaila izanen da bera etxean harrapatzea. Azken urteetan  udako lana tarteko eta pandemia bertzeko ezin izan du Berako bestez nahi bertze gozatu, eta «gogo haundiz» hartuko ditu aurtengoak. Lana eta besta uztartzeko ahaleginak eginen ditu abuztuaren 2tik 6ra, bestarako, eta deskantsurako denbora ahalik eta hobekien uztartuz. 

Sanestebanak hasi aitzinetik, ordea,  izanen du zeregina Larretxeak, aizkora entrenamenduak batetik, dantza entseguak bertzetik egun mugituak izan baitira uztaileko azkenak beratarrarentzat. Gustuko lekuan aldaparik ez da izaten, ordea, eta bere kasuan ere hala izaki, gustura ibiltzen da batetik bertzera, dantzarako espartinak batean, eta aizkora bertzean. 

Txupinazoaren aitzinetik sartu zen besta giroan beratarra, uztailaren 31n, egin zen Nafarroako Herriz Herri Txapelketan aritu baitzen Arantzako taldearekin batera. Lehenengoz parte hartu du txapelketan, eta «gogoz» eta «ilusioz» aritu da bi probetan ahalik eta denborarik onena egin, eta finalerako sailkatzeko.   Arantzako herri kirol taldearekin aritzea «berezia» dela dio: «Txapelketako prestaketa polita izaten ari da, talde lanean aritzea polita da, eta aita bertakoa izanda, gainera, oraindik eta bereziagoa». Lehiaketaren helburu nagusia haur eta gazteei herri kirolerako «grina» sortzea dela azaldu du, eta agerikoa da orain arte lortu dutela, ikusmin handia piztu baitute entrenamenduek. 

Abuztuaren 3a, «berezia»

Aizkora alde batera utzi eta abuztuaren 2an besta pixka bat egin ondotik, arratsaldean arropa zuria jantzi eta plazara ateratzea egokituko zaio arratsaldeko aurreskuan. Bigarrenez, gainera, kapitaina izanen da, eta beraz, ardura bikoitza izanen da beretzat, plazan aurreskua dantzatzea egokituko baitzaio. Abuztuaren 3a eta arratsaldeko aurreskua bereziki gustatzen zaion eguna dela kontatu digu: «Erabiltzen dugun arropa, dantzatzen dugun lekua... dena berezia izaten da».  Plazara ateratzean sentitzen den «zirrara» nabarmendu du, «herri guztia egoten baita begira». Arratsaldeko aurreskua ekitaldi berezia izaten da beratarrarentzat, horixe izaten baita dantzatzen ez duen urtean ere «inoiz hutsik egiten ez duen ekitaldia». 

Berakoen ondotik, Arantzara

Dantza eta aizkora kontuak bukatuta, bestan murgilduko da beratarra, beti ere «zainduz», udan izanen dituen gainerako herri kirol saioetarako. Izanen du, ordea, bestarako tarterik: migattuak, pilota partida, lagunekin otorduak.. Dagoeneko burutan ditu bestetarako planak. Eta horien ondotik zer? «Arantzako bestetaz disfrutatzea», horixe aurtengo helburua. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun