Jokin Pinatxo

«Jendeak Janus Lester lehenengoz aditzeko aukera izanen du bestetan»

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 1a, 17:00
Janus Lester taldearekin lehenengo kontzertua emango du Jokin Pinatxok. Argazkia: Nahia Fagoaga

Jokin Pinatxo beratarraren proiektu musikal berria da Janus Lester. Taldeak lehenengo kontzertua emanen du abuztuaren 2an, eta egun horretarako gogoz dago Pinatxo. 

Lo baino ametsetan ordu gehiago igarotzen dituen beratar gazte inpuntuala. Ordenean baino kaosean zoriontsuagoa dena». Halaxe aurkeztu du bere burua Jokin Pinatxo gazte beratarrak. Kimikaria ofizioz eta musikari afizioz, bien arteko oreka uztartzen ematen du egunerokotasuna. Kimikan doktoretza-tesia egiten ari da, eta «eguneko denbora, zein buruhauste» aunitz ekartzen dizkio horrek, gainerako tartea, aldiz, musikalki abiatu duen proiektu berria lantzen ematen du oraindik ere gauza aunitz egiteko dauzka eta». Funtsean, egunerokotasun kaotikoa izaten du: «normalki oso berandu arte egoten bainaiz hamaika gauzekin eta lo orduak dezente murriztu ditut, batzuetan afizioa ofizio bihurtuz».

Lehen emanaldi berezia

Datozen egunetan orain arte dituen lo ordu murritzak are gehiago murriztuko zaizkio. Alde batera utziko du kimika eta doktoretzako lana, musikan eta batez ere bestan giroan murgiltzeko. Lepoko gorria soinean, eta kuadrilako blusa gerrian lotua duela, gogoz hartuko ditu aurtengo bestak, eta batez ere abuztuaren 2a. Egun berezia izanen da bestetako lehenengo eguna, txupinazoa lehertzeaz gain, egun horretan aurkeztuko baitu azken bi urteak lantzen ibili den Janus Lester musika proiektu berria.

Azken Trena musika taldearekin bi disko atera eta bakarka abesti batzuk sortu eta bertsionatu ondotik, zerbait «pertsonalagoa» egiteko gogoak bultzatuta abiatu du talde berria. Mattin Arbelaitz eta Julen Suarezekin hasi zuen proiektua, beraiek izan ziren ibilbide berriaren berri izan zuten lehenak, eta denborarekin abestiak sortzen joan den neurrian gerora elkartu zaizkio Garazi Esnaola, Ane Bastida, Andoni Arriola eta Javi Etxarri musikariak, denekin gaur egun «izugarrizko familia» osatu arte. 

Abuztuaren 2an emanen du taldeak bere lehen kontzertua Beran 23:00etan Toki Onako patioan paratutako oholtzan, eta  Pinatxok argi dio berezia izanen dela «bi urteren ondotik bestetan egonen den lehenengo kontzertua delako eta jendea disfrutatzeko gogoz dagoelako». Horretarako «emozioz beterik beteriko emanaldia» egiten saiatuko direla aurreratu du. Gainera, emanaldiak sorpresa kutsua ere izanen du, Janus Lester aditzeko lehenengo aukera izanen delako: «Berezia izanen da abesti bakarra egin dugulako publiko orain arte, Maitasuna Tabu izenekoa, horregatik, jendeak Janus Lester zer den lehen aldiz entzuteko aukera izanen du». Kontzertu «intentsua» izanen da bere hitzetan, eta «denetariko momentuak» izanen ditu. 

 

Bandarekin ere bai

Abuztuaren 2koa ez da izanen Pinatxoren bestetako musika emanaldi bakarra. Biharamunean, San Esteban egunean, gitarra utzi eta saxofoia lagun hartuta Berako  Musika Bandaren kontzertuan ere joko baitu. Gure Txokoa Dantza Taldearen aurreskuaren ondotik, urteroko emanaldia izaten da egun horretakoa.  Gainera, kontzertua urtetik urtera indarra hartzen ari dela uste du musikariak: «Jendearen erantzuna hobetuz doala sumatzen ari gara eta horrek pila bat motibatzen gaitu». Bandarekin batera eskaintzen duen emanaldia «plazera» izaten da musikariarentzat. Musika jotzen hasi aitzinetik urduri egonen dela uste du Pinatxok, baina, «alde batetik bandan dugun giro bikaina dela eta bertzetik, Igor Telletxeak zuzentzeko duen gaitasunarengatik «arratsalde bikaina» izanen dutela pentsatzen du.  «Batzuk oraindik aurreko eguneko ondorioak izaten ditugu, baina, hala ere gustuko tokian aldaparik ez». 

 

Herri osoa bestarako gogoz

Behin musika lanak bukatuta, disfrutatzea bertze egitekorik ez du izanen beratar gazteak. Bestazalea da, hala onartu du eta  dagoeneko gogoz dago aurtengoak noiz hasiko zain. Ez da bera besta gogoekin dagoen bakarra, inguruan ere hori sumatzen duela dio, bi urteko itxaronaldia «luzea egin delako». Horregatik, uste du aurtengo sanestebanak «besta bikainak» izanen direla, eta «ez dela giro onik faltako karrikan». Berak ere lehenengo egunetik azkenekora «gogo biziz» biziko ditu bestak, nahiz eta uste duen lehenengo egunean urduritasun puntu bat izango duela gaueko kontzertua tarteko. Behin hori eginda, ahalik eta gehien «disfrutatzen» saiatuko da gorputzak irauten duen arte. 

Eguneko egitaraua eta gauekoa, bietan ibiliko dela aurreratu du. Hala, bere bestetako egun ideala zein den ere kontatu digu.  Eguna aperitiboarekin hastea gustatzen zaio lagunartean eta txarangaz inguratuta, eta ondotik lasai bazkaldu eta bazkal ondorengo luzea egitea. Ondotik, «mahaitik altxatzeko indarrak izatean»,  ez du herriko poteoan huts egiten eta afaldu eta helburua «kontzertuetan bukatzea» izaten du. «Kontzertuen ondotik, gauak harrapatzen gaitu eta nahigabean gosaltzeko ordua iritsi dela konturatzeak borobiltzen du eguna».

Musikaria, eta musikazalea da Janus Lester taldeko abeslaria, eta beraz, galdu ezin duen ekitaldi bat zein den galdetuta argi dio beti saiatzen dela kontzertuetara hutsik ez egiten, are gehiago, «beti joaten saiatzen naiz», kontatu du. Horrekin batera, Berako bestek oro har soberan ekitaldirik ez dutela uste du, eta faltan izatekotan besta egiteko egun pare bat gehiago izatea. 

Txarangarekin herri herri 

Janus Lester eta musika bandaz gain, erraza da Pinatxo saxofoia hartuta karrikan ikustea, bertzeak bertze Elutxa txarangan ibili izan baita saxofoia jotzen. Herriz herri bestak musikarekin alaitzea, polita dela iruditzen zaio. Lana bai, baina, musikarekin bestak alaituz giro ederrean ibiltzen dira taldekideak, hala azaldu du behintzat: «Txarangarekin joatean, egia da gu ez gaudela beraiek bezain animoso, baina, beti saiatzen gara ahalik eta hurbilenak izaten eta guk gure partetik giro bikaina jartzen». 

Berako bestetara joaten denak, beraz, izanen du Pinatxoren musikarekin gozatzeko aukera, eta mezua ere luzatu die bere bila ibiliko direnei: «Ez jo gure etxeko atea bestetan, ez naiz eta etxean egonen». Bortz egunez erlojua atzendu eta karrikako giroak hartuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun