Saioa Zelaieta

«Denbora luzez entseatzen ibili ondotik gogoz bizitzen ditut dantza jaialdia eta San Esteban eguneko dantzak»

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 1a, 14:00

Berako bestak ailegatzeko gogotsu dago Saioa Zelaieta beratarra. Argazkilaria da, baina, bestetan kamera alde batera utzi, eta dantzan eta besta giroan murgilduko da. 

«Geldirik egoten ez dakien neska bat: etengabe abentura berrietan murgiltzen eta bizitzaz gozatzen ari dena», horrela deskribatu du Saioa Zelaieta beratarrak bere burua. Ikus entzunezko komunikazioko ikasketak bukatu berri ditu eta  argazkilaritzan murgilduta dabil. Ohikoa izaten da kamera eskuan duela ikustea, batean eta bertzean ibiltzen baita argazkiak egiten. Abuztu hasieran ordea, Berako bestak hastearekin batera, egun batzuez bada ere, kamera alde batera utziko du bestaz gozatzeko.

Zelaietak kontatu duenez, txikitatik datorkio kamera aitzinean zein gibelean ibiltzeko zaletasuna. Txikia zeneko irudi andana gordeak ditu kazetari itxura egiten, edo antzerkia egiten ari dela. Lehen kamera, aldiz, lehen jaunartzean oparitu ziotela kontatu du, eta geroztik «bidelagun» izan duela. Hori horrela, eta batzuei ikasketak aukeratzea kostatzen zaien arren, berak hasieratik argi izan zuen ikasketak egiterakoan ikus-entzunezkoen alorra zela landu nahi zuena, eta Bilbora jo zuen ikastera. Bertan eman ditu pasa den lau urteak. 

«Momentua ehuneko ehun bizitzeko gogoz nago»

Ibiliz egiten da bidea, eta horrela murgildu zen Zelaieta argazkilaritza profesionalaren munduan. «Hasieran asteburu bakarreko plana izan zen. 2017. urtean lagun bat lasterketa batean nola aritzen zen ikustera joan nintzen, eta kamera eraman nuen berari zein bere taldeko kideei argazkiak ateratzeko», azaldu du. Hasieran egun bakarreko kontua zena ohitura bihurtu zitzaion konturatzerako, eta astebururo lasterketak ikustera joan zen. Sare sozialetan ere kontua ireki zuen, dena «afizio hutsez». 

Afizioa ofizio bihurtuz

Hasieran afizioa zena, ofizio bihurtuz joan da argazkilariarentzat. Duela urte eta erdi «esfortzu eta lan guztiaren saria jasotzen  hasi nintzen», kontatu du, orduan jaso baitzuen lehengoz deia lasterketa batetik argazkilari ofizial modura aritzeko. Irati Trail izan zen lehen lasterketa hori eta hori egin ondotik, «lasterketa pila batean» aritu da lanean, eta kirolaz aparteko bertzelako proiektuak ere egiten ari da egun. Tartean, datozen hilabeteetan zabalduko duen alzheimer gaixotasuna lantzen duen argazki-proiektu pertsonal bat egiten ari dela azaldu du.  

Orain arte egindako bidearekin pozik da: «Amets batean murgilduta nagoenaren sentsazioa dut etengabe bi afizio bateratzeko aukera eman baitit lanak, kirola eta argazkilaritza», kontatu digu. Eta hasieran afizio zena pixkanaka ofizio bihurtu bada ere «pasio eta gogo berdinarekin« lan egiten duela dio, «beti disfrutatuz». 

Jendez betetako plaza

«Momentua ehuneko ehun bizitzeko gogoz», bestetan kamera apartexeago izango duela kontatu digu Zelaietak nahiz eta argi dioen horrek ez duela erran nahi momenturen batean kamerarekin ikusiko ez dugunik «urte berezia» dela uste baitu kamerarekin uneak gordetzeko: «Dantzaria izanik, plaza inguruak berriro ere jendez beteta daudela aterako nuke argazkiren bat», kontatu du. Dantza Taldeko kide gisa, gainera, une horiek bereziak izaten direla azaldu du: «Denbora luzez entseatzen ibili ondotik, gogoz bizitzen ditut jaialdia eta San Esteban eguneko dantzak», kontatu du. Aurten, abuztuaren 3an «dantzarien egun handia» aterako da plazara, Bordondantza eta Makil Dantzak dantzatzera. Arratsaldean, beharbada, kamera eskuan ikusiko dugu. 

Egun horretan zein aitzinekoetan dantza egiteko, ordea, bezperako egunak aski lanpetuak izaten dituzte Gure Txokoa Dantza Taldeko kideek, eta baita Zelaietak berak ere: «Batzuetan ematen ez badu ere, itzalpean lan handia egiten dugu. Entseguak, bilerak.. nekatuta bukatzen dugu», kontatu du. Hala ere argi dio, esfortzu guzti horrek baduela bere saria plazara atera orduko. 

Saioa Zelaieta 2019ko dantza jaialdiaren aitzinetik. Argazkia: Nahia Fagoaga.

Dantza bai, baina bertzelako gauza aunitz izaten dira bestetan, eta aurtengoak «bereziki potenteak» direla iruditzen zaizkiola kontatu du Zelaietak. Abuztuaren 2an lehertuko da besta Beran, eta hain zuzen hori da Zelaietarentzat egunik bereziena «lagun arteko gosari batekin hasi, txupinazora joan, familiarekin bazkari goxo bat egin eta arratsaldean kontzertu edo ekitaldiren bat ikusi, eta gauean nola ez, bestak jarrai dezala!», kontatu du. Hala ere argi uste du edozein egun izan daitekeela «perfektua». Txupinazoarekin batera, ez du huts egiten dantza emanaldietara eta ezta batukadara ere. Hain zuzen horixe du bestetako ekintzarik gustukoenetako bat, eta batez ere bertan sortzen den «giro ederra». 

Abuztuaren 6an Berako bestak bukatuta, eta bestondoa pasata, herriz herri segituko du ahal den besta guztietara joaten «aurten aunitz dagoelako ospatzeko». Beraz, ez da harritzekoa izanen inguruko bestaren batean ere aurkitzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun